Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Ernest Lluch Kultur Etxea

Ernest Lluch Kultur Etxeak eztabaida kritikoari eta gogoetari eskainitako programazioaren aldeko apustua egin du 2012an ere, bai eta beste hainbat arte- eta kultur adierazpideren aldekoa ere. Proposamenen artean, "80 Zuzenean / Directo a los 80" zikloa nabarmendu behar da, hamarraldi mitiko baten sormen-indarrari eskainitako begirada; martxotik maiatzera, zenbait jarduera bildu zituen ikusgarri nagusi baten inguruan: Marivi Ibarrolaren erakusketa, "Lo juro por Los Ramones"; ekoizpenean, Amarako Usandizaga Institutuko Diseinu Moduluak hartu zuen parte. 2.600 lagunek baino gehiagok ikusi zuten Ibarrolaren argazkietan 80ko urteetako musika- eta gizarte-irakinaldia.

Román Gubern zine-historialariak eta Luis Antonio de Villena idazleak hartu zuten parte zikloan, hitzaldi bana emanez 80ko zineaz eta literaturaz, hurrenez hurren. Baina jakin-min handiena musika-kulturak sortu zuen: euskal rockaz eta Donostiako popaz eskainitako mahai inguruek, hain zuzen, non parte hartu baitzuten Alberto Bocos, Roberto Moso, Josu Zabala, Rafael Berrio edo Diego Vasallok. Eta zikloan ez ziren falta izan zine kinkiaren emanaldiak eta dokumentalak: Perros callejeros, El pico edo Salda badago, besteak beste.

Narratzaileen txokoa
Literatura. Narratzaileen Txokoa, Boni Ofogo
Nestor Basterretxea
"Solasean..." Nestor Basterretxea

2012ko beste berritasun bat, apirileko Literatura Astea izan da: ipuin-kontaketak, hitzaldiak, errezitaldiak eta haur antzerkia izan ditugu, euskaraz, gaztelaniaz eta ingelesez. Iban Zalduak, Xabier Montoiak eta Ibon Rodriguezek eskainitako "Biodiskografiak" kontzertu-errezitalak eta Mezouar El Idrissiren hitzaldiak erakarri zuten jende gehien.

Literatura da Ernest Lluch-eko programazioaren ardatzetako bat: argi geratu da hori Javier Minaren literatur tertulietan, Narratzaileen Txokoko saioetan edo Literatura Eskolarekiko lankidetzan; baita, noski, Luisa Etxenikeren ikastaroetan ere. Baita Literaktum jaialdiko parte hartzean ere; 2012ko edizioan, Patxi Santamariak Errusiar gaua pieza estreinatu zuen, Nekane Igarza piano-jotzailearekin batera.

Astelehenetako zinekluba —8 ziklo, hainbat genero eta gairi eskainiak (boxeoa, komedia independenteak, Clint Eastwood...)— da Ernest Lluch-eko programazioan tradizio gehien bildu duten jardueretako bat, eta Donostiako zinefiloen txoko bihurtu da dagoeneko.

Mokadutxo goxo eta arriskutsuak dastatzera etorri nahi lukeenak, berriz, hor du hitzordua Erakusleihoa programarekin: Kontxi Lópezek, Beatriz Setienek, David Morellok edo Metrokoadroka eta Micro-Onda kolektiboek bertan eman dituzte ezagutzera beren sorkuntza-lanak; dantza, poesia, musika edo antzerkia, formatu txikian betiere, eta adierazpide berrien bila.

Ernest Lluch-eko ikastaroen eskaintza zabalak erantzun ona izan du berriz ere herritarren aldetik: 2.000 ikasle eta 93 ikastaro; horien artean, aipatzekoak dira, berriz ere, Jesús Torquemada, Javier Sada eta Virginia Imazek eman dituztenak; aipatuak ditugun Luisa Etxenikerenez gainera.

Lo juro por los Ramones
Erakusketa. "Lo juro por los Ramones", Marivi Ibarrola
Erakusleihoa
Erakusleihoa. Kontxi Lopez, "Sofía se fía"
kale antzerkia
Kale Antzerkia. "Zirko gala berezia", Zirkale

 "Solasean / Encuentros con..." eta "Zientziaren bide berriak / Nuevos caminos de la ciencia" programek izen ospetsuak ekarri zituzten Ernest Lluch-era: Pedro Miguel Etxenikek edo Nestor Basterretxeak azalpenak eta gogoetak eskaini zituzten beren lanez eta ibilbideez.

Erakusketek, ohi bezala, izen ezagunak ekarri dizkigute, hala nola Marivi Ibarrola edo Antoni Tàpies (Okendo eta Aiete kultur etxeekiko lankidetzan), eta oraingoz ezezagunak diren beste batzuk, hala nola Iban Lafont eta Ion E. Etxeberria. Eta beste behin ere, Ceinproko ikasle eta irakasleek sorkuntza-proiektu bat gauzatu dute erakusketa tematiko baterako; kasu honetan, Gernikako bonbardaketaren urteurrena eta handik sortutako Picassoren margolana dela-eta. Daniel Castillejo Artiumeko zuzendariak eta Jose Ramón Amondarain artistak elkarrizketa interesgarria izan zuten "Guernica" margolanari buruz erakusketarekin batera.

Eta erakusketen sailean, Topoaren historiari buruzko argazki eta objektuen erakusketa batek eman dio amaiera urteari, 2012an bete baitu mendea tren horrek.

Ez dira falta izan urteko programazioaren beste ohiko hitzorduak: Musika Sakroko Zikloko kontzertuak eta Abesbatzen Astea, Poltsiko Antzerkia eta Kale Antzerkia Ikasbide, Amara-Osinaga, Amara Zaharra eta Loiolako ibaiertzeko jaietan.

Beste horrenbeste esan daiteke urtero egin ohi den haurrentzako programazioaz ere: Haur antzerkia, Kutxa Magikoa, Ipuinaren Ordua...

Liburutegia, Haurtxokoa, Gaztelekua, Plus 55 eta Kz Gunea: horiek bihurtzen dute Ernest Lluch zerbitzu integratu gehien eskaintzen duten kultur etxeetako bat, eta, beraz, baita egunero erabiltzaile gehien erakartzen dutenetako bat ere; 2012an, asko ugaritu dira erabiltzaileak.

Orobat, Ernest Lluch elkarte eta taldeei lagapen eta alokairu gehien egin dizkien kultur etxea izan da berriz ere, eta haiek jarduera asko eta askotarikoak egin dituzte bertan; beraz, nahitaezko ekipamendua da Amararen eta Donostiaren gizarte- eta kultur dinamizaziorako.

Jarduerak
 KopuruaErabiltzaileak
GUZTIRA 505 21.325
Antzerkia 22 2.535
Dantza 2 72
Bideoa 35 1.795
Musika 10 1.172
Hitzaldiak 22 1.022
Erakusketak 10 4.556
Elkarteen bilerak eta jarduerak 298 7.912
Aretoen alokairuak 13 381
Liburutegiko jarduerak 91 1.844
Hainbat 2 36
Zerbitzuak
 KopuruaErabiltzaileak
GUZTIRA 465 183.301
Liburutegiko bisitariak 150.809
Haurtxokoa 148 5.273
Gaztelekua 100 5.091
Plus 55 138 5.209
Ikasgelak 158
Kzgunea 16.413
Kzgunea (IT Txartela) 79 348
  • Erabilera publikoko ordenagailuen kopurua: 46

 

Prestakuntza
 KopuruaErabiltzaileak
GUZTIRA 174 2.271
2010/2011 53 1.111
2011/2012 39 866
Kzgunea: ikastaroak 82 294
  • Bisitariak: 281.752