Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Zinema eta Bideoa

Proiekzioen datuak
EgunakSaioakFilm-kopuruaIkusleak
Guztira 72 125 252 32.805
Nosferatu programazioa 28 28 29 4.216
X. Surfilm Festibal  3  8 32 1.462
Giza Eskubideen X. Zinemaldia  8 28 44 10.935
Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIII. Astea  8 34 84 12.792
Ziklo eta saio bereziak 14 16 48

 3.072

Euskadiko Filmategiko proiekzioak eta zikloak 11 11 15  328

 

Donostia Kulturaren zine programazioak bere ohiko bideari jarraitu dio 2012an, zinemaldi ertainak (Giza Eskubideen Zinemaldia, Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearekin batera antolatua, eta Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astea) eta formatu txikiko, lankidetzan eginak (Surfilm Festibal eta Dock of the Bay); horiekin batera, asteko programazio arrunta eta beste zenbait ziklo. 2012an, gainera, lankidetza gehiago izan dira inguruko zenbait gizarte- eta kultura-erakunderekin, zeinek eskaintza egokitzat edo beren helburuetarako osagarritzat ikusten baitituzte ikus-entzunezkoak.

Nosferatu zikloak, zinezalearen asteroko erreferentzia, azken urteotako ediziorik arrakastatsuenetako bat izan du 2012ko lehen seihilekoan, Federico Felliniri eskainitako antologiaren bigarren partea. Udazkenean, berriz, Euskadiko Filmategiak eta Donostia Kulturak, 2012 Fundazioaren laguntzaz, Zinea eta Gerra Zibila Euskal Herrian ziklo laburra programatu dute; horri esker, zenbait film historiko eta beste zenbait ezezagun samar berreskuratu dituzte.

Ciclo Federico Fellini
"La strada" ("Federico Fellini" zikloa)
Ciclo Cine y Guerra Civil en el País Vasco
"Vacas" ("Zinema eta Gerra Zibila Euskal Herrian" zikloa)

Euskadiko Filmategiarekiko lan-ildoak euskal zinegileei arreta eskainiz jarraitu du; hala, Álex de la Iglesiari eskainitako zikloa amaitu, eta Ana Díez zinegilearen atzera begirako osatu bat programatu da.

Tabakalerarekin elkarlanean, otsailean, berriz ere, Antzoki Zaharrera iritsi ziren Clermont-Ferrand-eko zinemaldi ospetsuko LABO ataleko film labur esperimentalak, arrakasta handiz iritsi ere.

Dock of the Bay zinemaldia, Qualia-rekin batera antolatua, sendotu egin da 2012an, ikusleek harrera beroa egin baitiote; gainera, Donostiako beste areto batzuetara zabaldu ditu proiekzioak, ekimen publikoa eta pribatua ezin hobeto konbinatuz.

2012an, lehen aldiz, eta Club Vasco de Camping-ekin batera, Menditour Mendi Zinemaldiko proiekzioak ekarri dira Donostiara.

Izan dira lankidetza gehiago ere; arreta berezia eskaini zaie, alde horretatik, zinea et feminismoa lotzen dituztenei. Zenbait jarduera antolatu dira Emakumeen Etxearekin (Delphine Seyrig zinegileari eskainitako minizikloa) eta Plazandreok-ekin (Marina Abramovic-i buruzko dokumentala eman zen Feministaldian).

Genero-arazoen inguruan, Egham kolektiborekiko lankidetzari esker Zinegoak les-gay-trans zinemaldiko film laburren antologia bat ikusi ahal izan da.

Atzegi erakundearekin, berriz, lankidetzan jardun genuen hark ikus-entzunezkoak hezkuntza-tresna gisa bultzatzearen alde egindako kanpainan, bi proiekziorekin.

Cine Europeo en Ruta Estatuko ekinbidea iritsi zen Donostiara ere; azkenaldiko zine kalitatezkoaren hiru proiekzio egin ziren Giza Eskubideen Zinemaldiarekin koordinaturik.

Bestalde, Donostia Kulturak Filmazpit programa kudeatzen jarraitu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin: euskaraz azpidatzitako filmen katalogo bat, kultur zirkuituetan zabaltzekoa. Urtean zehar, gero eta harrera hobea izan du programatzaileen aldetik.

 

Zine-argitalpenak

2012an, Nosferatu liburu-bildumako 8. zenbakia argitaratu da, Zinea eta Gerra Zibila Euskal Herrian gaitzat hartuta. Joxean Fernández eta Santiago de Pablo izan dira koordinatzaileak, eta Euskadiko Filmategiak, 2012 Fundazioak eta Donostiako Udaleko Giza Eskubideen Arloak ekoitzi dute.

Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren XXIII. Astetik, koprodukzioan, 2000 Maniacos fanzine erregaitzaren beste zenbaki bat sortu da; oraingoan, Fu-Manchú-ri eskainitako ale berezi bat.