Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Ernest Lluch Kultur Etxea

2011 urte berezia izan zen Ernest Lluch Kultur Etxearentzat, hamar urte bete baitzituen. Hori ospatzeko, Kultur Etxeak jarduera txiki batzuk egin zituen, erabiltzaileentzako opari gisa batez ere: mimoa eta musika liburutegian, haurrentzako antzerkia eta askaria, eta abar. Zalantzarik gabe, Ernest Lluch erreferentzia bihurtu da Amara Berriko eta Donostia osoko gizarte- eta kultur bizitzan, baina garrantzizkoena aurrera jarraitzea da, eta etorkizuneko erronkei erantzutea: horretan jardun zuen Kultur Etxeak 2011. urtean. Instalazioetan eta sarbideetan egindako hobekuntzak programazio-ildo berriekin batera etorri ziren; programazioari dagokionez, literaturan, eztabaida kritikoan eta pentsamenduan espezializaturiko gune gisa indartu nahi izan zen zentroa.

Esate baterako, Encuentros con... / Solasean programaren helburua hainbat sortzaileren lanaren nondik norakoa eta gakoak aztertzea da, elkarrizketa gisa ia, beren ahotik. Jesús Ferrerok edo Fermin Muguruzak azaldu zuten beren sormen-mundua, oso saio interesgarrietan. Nuevos caminos de la ciencia izan zen beste programa berri bat. Ezinbestekoa da zientziaren ikuspegia sartzea gaur egungo eztabaidetan, eta Nuevos caminos de la cienciaren helburua, hain zuzen, zientziak gaur egun eta etorkizun hurbilean dituen gairik zirraragarrienak jorratzea da, espezialista handien laguntzaz.

Ferrerorekin solasaldia
Ferrerorekin solasaldia.
Fermin Muguruzarekin solasean
Fermin Muguruzarekin solasean.

Berrikuntzak antzeman ziren ikastaroen eskaintzan ere. Proposamen berrien artean, nabarmentzekoa da autore-ikastaroak zabaldu izana: Félix Aresen Los grandes temas de la ciencia, Javier Sadaren Historia de Donostia, Carlos Benitoren Historia de la zarzuela gehitu zitzaizkien Jesús Torquemadak eta Luisa Etxenikek ―hurrenez hurren― nazioarteko gaurkoasunari eta literaturari eskainitako ikastaroei. Beste ikastaroen eskaintza ere nabarmen zabaldu zen; batez ere, historia, literatura eta filosofiaren arloetan. Erantzuna ezin hobea izan zen, eta 1.000 ikasle baino gehiagok eman zuten izena Ernest Lluch-en 2011-2012 ikasturterako.

Baina 2011. urteko zerik nabarmenena, beharbada, Amarauna egitasmoa martxan jartzea izan zen, Amara Berriko zenbait gizarte- eta hezkuntza-eragilerekin lankidetzan. Amararen historia ezagutzea eta auzo-elkarteen lan bateratua bultzatzea da egitasmoaren helburua. Horretarako, dokumentu-funts bat sortu zen Liburutegian, 800 iruditik gora zituena (eta haziz doa). Beste zenbait ekinbide ere garatu ziren; besteak beste, elkarrizketaz osatutako Amaratarrak dokumentala eta Amarauna: auzoa eraikiz / construyendo el barrio erakusketa, ikusle asko erakarri zituena, eta horien artean 900 ikaslerentzak bisita gidatuak.

Literatura bultzatzea da Ernest Lluch-eko programazioaren gune nagusietako bat, eta hori zenbait jardueratan geratu zen nabari: literatur solasaldiak, Kontalariaren Txokoa saioak, edo hainbat solasaldi (Juana Salabert, Malek Chébel edo Fernando Arambururekin), tailer (Annie Freud edo Virginia Imaz), autore-solasaldi (Raúl Guerra Garrido eta Ramón Saizarbitoriaren eskutik), edo Literatura Eskolarekiko lankidetza.

Erakusleihoa programak ere literatur kolore bizia izan zuen, eta leku berezia izan zuen bertan poesiak: Harkaitz Cano, Karmelo C. Iribarren, Pablo Casares, Míchel Gaztambide, Diego Vasallo eta Montse Villarrek irakurri zituzten beren bertsoak, zuzeneko musikaz lagunduta.

Erakusleihoak formatu berriak eta esperimentalak eskaini zituen, halaber, bai eszenaren bai musikaren aldetik: Oier Guillan, Josephine Foster edo François Rossé eta Pantxix Bidart-en emanaldiak, besteak beste, arriskatzen diren sortzaileei lekua eskaintzeko asmoz.

Ez ziren falta izan urteko progrmazioaren beste ohiko hitzorduak: Zineklubeko hileroko zikloak, Musika Sakroko Zikloa eta Abesbatzen Astea (Loiolako Ibaiertzeko Iesu elizan, lehen aldiz), Literaktum, Poltsiko Antzerkia eta Kale Antzerkia Ikasbide, Amara-Osinaga, Amara Zaharra eta Loiolako ibaiertzeko jaietan.

Beste horrenbeste esan daiteke urtero egin ohi den haurrentzako programazioaz ere: haur-antzerkia (aipamen berezia merezi du Txotxongillo Taldearen azken lanak, Elurrezko panpina), Kutxa Magikoa, Ipuinaren Ordua...

“Kutxa Majikoa” umeentzako antzezlana
“Kutxa Majikoa” umeentzako antzezlana.
Erakusleihoa: “Herio Heroi” antzezlana
Erakusleihoa: “Herio Heroi” antzezlana.
Kale Antzerkia: “Niño Costrini” antzezlana
Kale Antzerkia: “Niño Costrini” antzezlana.

 

Erakusketen artean, azpimarratzekoak, aipaturiko Amaraunaz gainera, Ceinprok C. D. Fortunaren mendeurrenari eskainitakoa eta Ainize Txopitea artistarena, Rhema, Kultur Etxeak berak enkargaturiko ekoizpen bat. Izan ere, sorkuntza bultzatzea da 2011. urtean indartuta atera zen beste ildo bat; aurrera begira ere badira beste zenbait egitasmo.

2011. urtean, beste behin ere, funtsezkoa gertatu zen zerbitzuen ekarpena, beren arteko lankidetza era berriak sortu baitzituzten. Liburutegia, Haurtxokoa, Gaztelekua, Plus 55 eta Kz Gunea: horiek bihurtzen dute Ernest Lluch zerbitzu integratu gehien eskaintzen duten kultur etxeetako bat, eta, beraz, baita egunero erabiltzaile gehien erakartzen dutenetako bat ere. Literatur solasaldiak, ikasleentzako bisita gidatuak, Ipuinaren Ordua eta Kutxa Magikoa (Haurtxokoarekin eta Plus 55ekin lankidetzan) dira Ernest Lluch-eko Liburutegiko jarduera osagarri nabarmenenetako batzuk, Haurtxokoko eta Gaztelekuko tailer eta jarduerekin batera. Plus 55k honako hauen inguruan osatu zuen programazioa: Kontalariaren Txokoa, Larunbatak Dantzan, Ibilaldiak Donostian zehar, Soinketa Hondartzan eta Osasun Jardunaldiak; horrez gainera, berrikuntzak izan zituen: bideoblog-eko tailer bat, eta belaunaldi arteko tailer bat, Gaztelekurekin lankidetzan.

Eta, azkenik, ezin Ernest Lluch-en urteko balantzea itxi gauza bat nabarmendu gabe: elkarte eta taldeei lagapen eta alokairugehien egin dizkien kultur etxea izan dela, eta haiek jarduera asko eta askotarikoak egin dituztela bertan; beraz nahitaezko ekipamendua da gizarte- eta kultur dinamizaziorako.

Jarduerak
 KopuruaErabiltzaileak
GUZTIRA 561 19.173
Antzerkia 19 2.478
Bideoa 43 1.780
Musika 5 598
Hitzaldiak 20 1.218
Ikastaroak eta tailerrak
Erakusketak 5 2.666
Elkarteen bilerak eta jarduerak 349 7.695
Aretoen alokairuak 14 451
Liburutegiko jarduerak 104 2.188
Hainbat 2 99
Zerbitzuak
 KopuruaErabiltzaileak
GUZTIRA 582 180.491
Liburutegiko bisitariak 146.017
Haurtxokoa 117 5.095
Gaztelekua 101 5.951
Plus 55 156 4.583
Ikasgelak 112 611
Kzgunea 17.405
Kzgunea (IT Txartela) 96 829
  • Erabilera publikoko ordenagailuen kopurua: 46

 

Prestakuntza
 KopuruaErabiltzaileak
GUZTIRA 156 2.343
2010/2011 39 796
2011/2012 46 991
2011ko ikastaro puntualak 1 22
2011ko udako ikastaroak 4 74
Kzgunea: ikastaroak 66 460
  • Bisitariak: 225.328