Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Antzoki Zaharra

Penélope_Joan Sánchez

Antzoki Zaharrak jardun osoan eta betean jarraitzen du, Victoria Eugeniarekin koordinaturik arlo eszenikoan, eta moldakortasun handia ageri du, zeinari esker urteen ondorio den kutsuko programazioa eskain baitezake arte eszenikoetan, presiorik gabe, beste ikus-entzule mota batzuei, beste kolektibo eta bestelako sentsibilitateei erantzungo dieten edukiak libreki proposatuz. Horregatik, gaur egun ere, bai donostiarrek eta bai bisitariek gogokoen duten agertokietako bat da hirian.

Hiru ardatz ditu oinarrian haren programazio eszenikoak: euskara, “autore”-antzerkia –2018an, emakume autoreen antzerkia, batik bat–, eta udako antzerkia. Programazioari dagokionez, euskarazko antzerki-lanen proposamena sendotzen ari da Antzoki Zaharraren jarduera nagusien artean. Antzoki Zaharra Euskal Herrian den euskarazko antzerkiaren programazio egonkor eta erregular bakarraren zutabe nagusia da, eta badira zenbait urte horretaz arduratzen direla Donostia Kultura eta Euskararen Udal Departamentua. Kale Nagusiko agertokitik pasatzen dira euskarazko antzerkian dabiltzan konpainia nagusiak, hala nola Tartean, Ados, Tanttaka, Vaivén, Txalo, Laurentzi… Nabarmentzekoa Sherezade eta tipularen azalak: Vaivén Teatrok, Chapitô konpainia portugesarekin batera, ukitu surrealistak dituen ipuina aurkeztu zuen. Berez kontatzen diren ipuinak, azken batean, bizirik irauteko. Eta neskatoa? Aspertuta al dago ipuinak entzuteaz? Ergela lanean, Joseba Apaolazak proba psikologiko ordaindu batzuetara aurkeztu den gizon batena egiten du. Diru erraza lortzeko asmotan da, baina ez daki satarte batean sartu dela. Sara Cozarrek, psikologoarena egiten baitu, galdekatu eta enigmak paratuko dizkio, eta hark bere onena eman beharko du azken gaiztorik ez izateko. Erlauntza mugarik gabeko komedia bat da, Kepa Erraztik idatzia Dramaturgia Berriak programaren baitan, eta Arriaga Antzokiak, Gasteizko Principal Antzokiak eta Victoria Eugenia Antzokiak produzitua. Txikitako lagun talde bat landetxe batera joan da haietako baten despedida ospatzera.  Baina urteak ez dira alferrik pasatzen, eta, oso lotura sendoak badituzte ere, ezer ez da izan zena.

Ikuskizuna euskaraz estreinatu zen, eta arrakasta handia izan du ikus-entzuleen aldetik, bai euskaraz eta bai gaztelaniazko bertsioan, zeinak El enjambre baitzuen izenburua. Programazio horren erregulartasun eta iraunkortasunari esker, eta antzerkiak hizkuntza-normalizazioari ematen dion bultzadari esker, programazio berezia izan da. Horri gehitzen badiogu haurrentzat ere egiten den euskarazko eskaintza, esan dezakegu Antzoki Zaharrak egiten duen lana funtsezkoa dela euskarazko antzerkia bultzatzeko. Haurrentzako dozena bat ikuskizun baino gehiago izan dira Antzoki Zaharreko agertokian, dela jende guztiarentzako funtzioetan, dela Eskolatik antzokira programaren bitartez, zeina Donostiako ikastetxe guztiei zuzendua baita.

Emakume autoreen antzerkiaren programazioari dagokionez, lanean jarraitu beharra dago, sentibera izanik gizon eta emakumeen arteko berdintasunera bidean aurrera egiteko bizitzako arlo guztietan. Arte eszenikoek oso tresna garrantzitsua ematen digute emakumeen historiak kontatzeko, emakume garrantzitsuak ikusgai jartzeko eta zuzendu beharreko ohitura eta azturak auzitan jartzeko. Ikuskizun asko sortu dituzte emakumeek interpretaziotik kanpora ere, autore edo eszena-zuzendari izanez alegia, edo biak batera. Pepa Plana pailazoa, interprete, autore eta zuzendari da Penélope lanean, eta sekulakoak egingo ditu senarraren zain dagoen bitartean... sekulako jenialak. Emilia izeneko lanean, emakume baten borroka ageri da, Emilia Pardo Bazánena, zeina XIX. mendearen hondarrean zen bezalakoa izaten setatu baitzen, hau da, bere nahi eta desiren arabera jokatzen, idatziz eta bizitza publikoan parte hartuz. Emakumeei buruzko antzerkia, emakumeek idatzi, zuzendu eta interpretatua. Pilar Gómezek interpretazio bikaina egin zuen Anna R. Costak zuzenduta, zeinak sinatu baitzuen testua Noelia Adánezekin batera. El lunar de Lady Chatterley lanean, berriz, Ana Fernándezen lanaz gozatu genuen, bere onena eman baitzuen Constanzaren larruan sartuta: emakume ausarta, bere garaiari aurrea hartu ziona, aitzindaria emakumeen eskubideak aldarrikatzean. Roberto Santiago da D. H. Lawrenceren Lady Chatterley’s Lover eleberria irakurri ondoren sortutako testuaren egilea. Lawrenceren lana debekatuta egon zen hogeita hamar urte baino gehiagoz, argitaratu zenean sortutako eskandaluaren ondoren. Ezin ahaztu Beatriz Rico eta Antes muerta que convicta, edo Paz Alarcón Las mujeres que hay en mí ikuskizunarekin.

Amaitzeko, 2018an ere Udako Antzerkiak plaza nagusi bihurtu du Donostia beste hiri guztien artean. Programazioa orekatua izan da edukiz eta estiloz, aurkeztutako proposamenen kalitate eta erakarmenaren aldetik, etorri diren artisten mailaren aldetik, arte-taldeen aldetik oro har (aktore, zuzendari, eszenografo eta abar). Aipa ditzagun batzuk: María Luisa Merlo, Jesús Cisneros, Jon Plazaola, Noemi Ruíz, Tony Brigth, Andoni Ferreño, Carla Hidalgo, Aitziber Garmendia, Sara Cozar, Itziar Atienza… Beren artearen onena eman ziguten denek ere. Jende gehien bildu zuena Conversaciones con mamá izan zen. Ikuskizun horrek egoera hau planteatzen du: seme bat langabezian geratzen da, eta horrek bide bihurrietatik eramango du. Mandíbula afiladak, berriz, bizitza ulertzeko eta bizitzari aurre egiteko bi modu jartzen ditu parez pare. Bi muturretan dauden moduak dira. Eta, nola ez, elkar maite dute. Toni Brighten mentalismoak ere ikus-entzule ugari erakarri zuen. Eta ikuskizun arrakastatsuen talde horretan sartu behar da, halaber, Erlauntzaren gaztelaniazko bertsioa, El enjambre, dagoeneko aipatu duguna. 

Bizi luzea izan beza Antzoki Zaharrak, pozbide handiak ematen dizkigu eta.

AZ-Depedro

Antzoki Zaharrak hurbilagoko talde eta elkartek eskainitako 9 musika-emankizunei egin zien tokia. Hauen artean Ruper Ordorika, Angel Olsen eta DePedrok eskainitakoak daude.

Kokapena, edukia eta egokiera kontuan harturik, Antzoki Zaharra gogokoenetako bat da zine-jarduerak egiteko asmoa duten kolektiboentzat. Duen xarmak, ikus-entzuleen arteko hurbiltasunak eta agertokitiko hurbiltasunak berak aukera-aukerakoa bihurtzen dute zine-esperientzia biziagoentzat, hala nola Beldurrezko Astea eta Bang Bang, edo formatu ertaineko zinemaldientzat, hala nola Dock of the Bay eta Itsaspeko Zinema. Aurkezpenak edo solasaldiak maiz izaten dira han programaturiko emanaldietan. Orobat, lekurik egokiena da eskolentzako zine-emanaldietarako.

 Memoria jaitsi: Antzoki Zaharra