Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Victoria Eugenia Antzokia

VEA Calígula Foto David Ruano

Victoria Eugenia Antzokia, bandera-ontzi bat Ozeano Eszenikoaren ur bizienetan nabigatzen.

Daniel Doña otsailean eta Manuel Liñán abenduan, gaur egungo dantza espainiarreko puntarriak, biak arduratu ziren 2018an Victoria Eugenia Antzokiko dantza-programazioa irekitzeaz eta ixteaz. Daniel Doñak Habitat aurkeztu zuen, flamenkoaren eta dantza garaikidearen artean dabilen lana, kortserik eta mugarik gabeko proposamena, elkarrekin bizitzeko beste modu batzuk planteatzen dituen ingurune bat sortzen duena, hizkuntzen arteko gurutzaketa, arte-adierazpideen artekoa, irizpidetzat aniztasuna, berezitasuna eta pluraltasuna harturik. Ikuskizun harrigarria, hala nola baita Nómada ere, Manue Liñánena, zeinak Dantzaren Sari Nazionala irabazi baitzuen 2017an, interpretazio modalitatean. Nómada bidaia kolektibo bat da, batzuetan geografiaren zenbait aldetan kokatua, flamenkoari zeinek bere ukitua ematen dioten aldeetan. Gizakia, berez, era batera edo bestera, nomada da oraindik ere. Orain ez dio eragiten hasierako zioak, jatena bilatzeak; beste behar batzuk ditu, hura bezain garrantzitsuak: behar emozionalak.

Mathilde Monnier-ek eta La Ribot-ek pertsonaia bat eta bera jokatzen dute Gustavian. Burlesque klasikoaren unibertsoan du oinarria ikuskizun honek (Keaton, Chaplin, Marx anaiak), baina baita antzerkian, performancean eta arte plastikoetan ere. Burlesquea dantzaz eta hitzaz baliatzen den arte mota bat da, eta ezgaitasuna gaitasun bihurtzetik sortzen da. Doako higadura, errepikapena eta ezbeharra dira ikuskizunak baliatzen dituen mekanismoak, bizitzako gorabeherez, hondamendiez eta gauza onez hitz egiteko. Bi artistek oso ibilbide desberdinak dituzte, baina artearen eta antzezpenaren bilakaeraren inguruko bilaketak batzen ditu. María Ribot Manzano, La Ribot, dantza espainiar garaikideko koreografo multidisziplinario berritzaileenetako bat da. Proiektu honetarako, Mathilde Monnier-ekin elkartu zen. Monnier erreferentzia bat da dantza garaikide frantsesean eta nazioartekoan, eta etengabe ari da eraberritzen. Gustaviak dotorezia eta maila handia dakarkio zeinahi dantza-programaziori.

Euskal sorkuntzaren sailean, Ertza nabarmenduko dugu, zeinak Janeten titia estreinatu baitzuen Victoria Eugenia Antzokian. Munduan oso ezaguna egin zen gertaera jakin bat izan zuen inspirazio Ertzak normala denaz eta ez denaz jarduteko; gizarteek beren normaltasuna eraikitzeko duten moduez, iritzi subjektiboetan oinarrituta betiere. Asier Zabaletak bereziki azpimarratu zuen emoziotik zuzenean sortzen zen mugimendua, artifizio eta ordenamendu estetiko huts oroz biluztuta. Hala Janeten titia nola Erritu, Victoria Eugenia Antzokiak produzitu zituen biak. Erritu erreferentziazko beste ikuskizun bat izan zen 2018ko dantza-programazioan. 

Bidaia, bilakaera, aurreramendua, eraldaketa, garapena… ERRITU pertsonala. Norberarena eta partekatua. Kolektibotasunetik norberarenera, eta norberarenetik kolektibotasunera. Zentzuen bidaia bat, kantuaren, dantzaren eta bizipenen bitartez, ERRITU bat Kukai Dantzaren eskutik, zeinak 2017ko Dantzaren Sari Nazionala irabazi baitzuen, bai eta Sharon Fridman koreografo ospetsuaren eskutik ere.

Neoklasikoan, Sirenes, Martin Harriagueren sorkariak saria jaso zuen Koreografo Gazte klasiko eta neoklasikoen Lehiaketan (Biarritzen antolatu zen 2016an). Elezaharretako sirenen ezaugarri aldakorrak hartu, elkarrekin jarri, eta mitoez baliatzen da koreografoaren bihotzean datzanaz hitz egiteko. Beste urte batez, Malandain Ballet Biarritzek programa neoklasikoa prestatu zuen; oraingoan, ingurumena eta itsasoa abiapuntutzat hartuta. 2018ko berritasun gisa, Ballet T Egunaken barruan, asteburu bat antolatu zen dantzaren inguruan, Malandain Ballet Biarritzekin elkarlanean, zertarako eta Donostia Kulturan urte osoan antolatzen den jarduera koreografikoa ikusgai jarri eta ezagutarazteko.

Amaitzeko, azpimarra dezagun Dantzaren Profesionalen Elkarteak dantza sustatzeko eta garatzeko egiten duen lana, zeinaren adierazlerik nabarmenena Dantzaren Hilabetea baita, eta, zehatzago, Dantzaren Gala, Victoria Eugenia Antzokiarekin lankidetzan. Ez dugu ahaztu nahi Verdini, ez eta dantza urbanoak, tradizionalak edota flamenko hutsa interpretatu zuten konpainiak ere. Denen artean, urte koreografiko koloretsua eta ñabarduraz betea eskaini zuten.

Antzerkian, Makiaveloren Printzeak autore italiar horren lan ezagunenetako testuak bilbatu zituen, eta hartara ahotsa eman zion pertsonaia liluragarri bati, frogatzeko ezen botereak, edozein direlarik ideologia eta garaia, arau berberei jarraitzen diela beti, helburua zeinahi dela ere, bitartekoak zeinahi direla. Bostehun urte geroago, Printzeak eztabaidagai izaten jarraitzen du. Zer da: agintarientzat idatzitako eskuliburu bat, herria nola erabili jakin dezaten, ala herriarentzako abisu bat, agintariek nola erabiltzen gaituzten ikus dezagun? Fernando Cayok egin zuen pertsonaia harena, egundoko interpretazioa, eta antzerki-ikasgai bikaina oparitu zien ikus-entzuleei. Calígulan ere islatu ziren boterearen bide okerrak, idazkera bihurria, hausten diren nortasunak, itxurazko zintzotasuna eromen suntsitzailearen kontra, biak ere piztuz doazelarik ezerezaren adierazpen gisa, izateak eragiten duen kiratsaren adierazpen gisa, nahiz eta jakin norbera hilkor eta zorigabeko dela; sufrimendu ulertezina, amildegi existentziala, arbitrariotasunik ankerrena kasta ustel baten kontra, errege zigortzaile baten disolbatzaile basatia, ezinezkoaren atzetik azken hondarreraino dabilelarik, ilargia... Eta hari bizia kenduko dion borreroaren bilaketa gupidagabea. Mario Gasek zuzendu zuen Teatro Romeak, Meridako Festival Internacional de Teatro Clásicok eta Bartzelonako Festival Grec-ek ekoitzitako ikuskizun hau. Los universos paralelos David Lindsay-Abaire-ren maisulana da. Historia eder eta hunkigarri honek kontatzen digu nola familia bateko kideek aurre egiten dieten galerari eta saminari. Nola borrokatu oraindik ere ederra izan litekeen bizitzarako itzulbidea aurkitzeko? David Serranok zuzendu zuen Malena Alterio buru zuen aktore talde bikaina. Drama eta komedia modu erabat naturalean konbinatzen ziren, eta elkarrizketak oso ondo lortuta zeuden. Amaitzeko, Moby Dick, non Pouren lana balea bera baino handiagoa izan baitzen. Andrés Limaren esanetara, Jose María Pouk egundoko lana egin zuen. Hura ahotsa! Haiek ñabardurak! Hura ahala! Hura itxura! Zeinen durundio betea duten Melvilleren hitzek! Zer handitasun! Proposamen eszenikoa itsas hondar sakoneneraraino murgiltzen da, eta bere horretan eusten dio harik eta ur-azalera irteten den arte, indartuago eta kalterik gabe. Badakigu Pouk ezinezkoak diruditen erronkak maite dituela. Horixe egin zuen beste behin ere, eta baita lortu ere. Ba al du mugarik?

Zirkuak bere tokitxoa izan zuen programazioan Black Blues Brothersekin. Bost akrobata dotore jantzita, amerikar erara, Rithm & Blues-aren soinua eta Afrikako indarra elkartuz eromen osoa eta teknika harrigarria batzen zituen ikuskizunean.

Dublindarrak eta Strip-Tease ikuskizunek euskara erantsi zioten programazioari. Ados Teatrok James Joyceren Dublindarrak kontakizun-bilduman –batez ere, Hilak ipuinean– oinarritutako egokitzapena eszenaratu zuen. Autore irlandarrak, XX. mendeko literatura unibertsaleko erreferente nagusietako bat, misterio berezia kutsatu zion maisulan horri. Strip-Tease lau strep-teasek osatutako ikuskizuna da; lau begirada, lau kontakizun, lau eszena-zuzendaritza. Sorkuntza-lan horren xedea euskal kulturaren aurreiritzi batzuk bere biluzian erakustea da. Martxoaren 27an, Munduko Antzerki Egunean, Donostia Antzerki Saria eman zen, aurreko denboraldian helduentzat antzeztutako euskarazko ikuskizunik onenari, eta 2018an irabazlea Mami Lebrun izan zen, Xake Produkzioak-en ikuskizuna.

La Comedia de las Mentiras. Pepón Nietok, aktore talde handi baten buru, erakutsi zuen ikus-entzuleek oraindik ere barre egiten dutela Plautoren lanekin. Nerón drama historikoa da, indarrez eta pasioz betea. Roma erre bazen, baita Victoria Eugenia Antzokia ere, bi proposamen klasiko horiekin.

Beste hainbat artista pasatu ziren urtean zehar, hala nola Alaska, Bibi Andersen, Mario Vaquerizo, Faemino y Cansado, Goyo Jiménez, besteak beste. Donostiako udak espero zen bezala erantzun zuen Victoria Eugenia Antzokian. Ikus-entzuleek harrera ona egin zieten Concha Velascori El Funeralen, Paz Padillari Desatadasen, eta Gorka Otxoari Juntosen, Txalo Produkzioak-en ekoizpenean. Emaitza bikaina izan zuten, halaber, Cinco horas con Mariok eta Lola Herrerak, eta Yllanaren Pagagninik. Uda ezin hobea: sarrera-salmenta handiak, batezbesteko ederrak eta ikus-entzuleen konplizitatea eta oniritzia izan zuten ikuskizunak. Ez da gutxi.

2018ak gogoan geratuko diren ikuskizunak utzi zizkigun, historia eta eduki hunkigarriak, eta forma, artista eta kontzeptu eszenikoen sorta bat, Victoria Eugenia Antzokiaren ibilbidea aberasten dutenak, gaur egungo Ozeano Eszenikoko urik bizienetan jarraitzen baitu nabigatzen. 

VEA-ALA.NI-copyright-IRA-ROKKA

2018. urteak proposamen interesgarriak bildu zituen Victoria Eugenia Antzokiko musika programazioari dagokionez. Eskaini ziren 43 kontzertuen artean aipatzekoak dira Jarabe de Palo, Rocío Márquez, Izaro, Rosana, Ben Howad, Alan-Ni eta Joseba Tapia.

Gainera, agertuki honek, Adarra Saria emateko leku ezinhobea da. Musikaren Europar Eguna aitzakiatzat hartuta, 2018an Anariri eman zitzaion euskal musikaren arloan jarduten diren artisten ibilibidea nabarmentzen duen saria.

Victoria Eugeniako Klub aretoan ere kontzertu interesarriak eta askotarikoak programatu ziren. Marc Ribot (Jazzaren Nazioarteko Eguna zela eta eskaini zuen emanaldia), Sofia Rei edo Pascals taldea izan ziren hauetako batzuk.

53. Heineken Jazzaldian Iñaki Salvadorrek Mikel Laboari homenaldia egin bere heriotzaren hamargarren urtean.,. Berarekin batera, festibalak iraun zuen 5 egunetan Victoria Eugeniako agertokira igo ziren, besteak beste, Marco Mezquida, Mary Stallings, Rabih Abou-Khalil, Cécile McLorin Salvant, Michael Portal, Vicent Peirani eta Émile Parisien. Klub aretoan bi masterclass antolatu ziren.

Zine atalean murgilduta, Victoria Eugenia Antzokia Giza Eskubideen Zinemaldiko sail ofizialaren egoitza da, bai eta Beldurrezko Asteko ziklo antologikoena ere. Zinemaldi horretan, hain zuzen, gero eta agerbide bereziagoa du espirituaren eta giroaren aldetik (proiekzio bereziak tartean direla, hala nola Zinemapelmak). Atzegi kolektiboarentzat-eta, zineak leku nabarmena duen gala multidisziplinarioentzako agertoki aukerakoa da.

 Memoria jaitsi: Victoria Eugenia Antzokia