Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Dkluba

Gladistheday-31

Dkluba hemengo musika independentearen marka bihurtu da dagoeneko. 2018an, 18.876 ikus-entzule izan ziren 54 kontzertutan, zeinak taberna, aire libreko agertoki eta Intxaurrondo Kultur Etxeko aretoan egin baitziren.

Programak, musika eskaintzeaz gainera, beste sinergia batzuk eragiten ditu, hala nola urrian sortutakoa, Willis Drummond taldeak sorkuntza-egoitzaldia egin baitzuen Intxaurrondon. Bandak DVDan grabatu eta Durangoko Azokan salgai jarriko zen kontzertua prestatzeko baliatu zuen egoitzaldia. Esperientzia hura ezagutu eta bizitzeko, Lauaizeta Ikastolak topaketak izan zituen taldearekin, eta material grafikoak sortu zituen, zeinak orain, Kultur Etxearen beraren erakusketa batean jarri baitira ikusgai. Beraz, Dkluba musika baino gehiago da.

Izan ere, Intxaurrondo Kultur Etxea erreferentzia-fenomeno bihurtzen ari da bere hartan: Duen musika-eskaintzak eta erosotasunak jarraitzaile talde bat sorrarazi du, 2017tik hona kontzertu-aretoko sarrera guztiak agortzen dituena. 2018an, Willis Drummond, Doctor Deseo eta Su Ta Garrek, besteak beste, aurrez itxiarazi zuten leihatila, sarrerak agortuta.

Dklubako aire libreko agertokiei dagokienez, udako hitzorduen artean arrastoa utzi duenetako bat Musikaren Eguna da, Fnac-ekin batera antolatua. Ekainaren 13an, Loiola kalea musikaz bete zen goizean zein arratsaldean. Zazpi kontzertuk girotu zuten espazio publikoa; nabarmentzekoak Travellin’ Brothers eta Rural Zombiesenak. Jarduera horrek gero eta jarraitzaile gehiago ditu urtetik urtera.

Baina, Dklubak udako musika-agendaren alde egindako apustuen artean, Glad is the Day izan da, ezbairik gabe, urteko izarra. Ekinbidea 2016ko Kultur Hiriburutzatik dator, eta sendotzen ari da: egun batetik bira luzatu zuen iraupena, (abuztuaren 4an eta 5ean izan zen), kolaboratzaile bat gehiago lortu zuen (Kutxa Kultur) eta agertoki gehiagotara iritsi zen (Le Bukowski eta Dabadabara). Edizioak, eguzki ederra nagusi zela, 30 artista baino gehiago bildu zituen, azokatxoa, arte-instalazio bat eta jan-edarien salmenta-mahaiak. Ezbairik gabe, hitzordu hau bere lekua egiten ari da Donostiako udako egutegian.

 Memoria jaitsi: DKluba