Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Victoria Eugenia Antzokia

VEA Incendios-Web

Victoria Eugenia Antzokiak lider izaten jarraitzen du lurralde honetako programazio eszenikoan.

Dantza-programazioa askotarikoa izan zen 2016. urtean, eta inoiz baino nazioartekoagoa. Aipa ditzagun Kukai eta La Veronal, Chevy Muraday, GöteborgsOperans, Oreka Tx eta Hirayama Motoko, Sharon Fridman, Montrealgo Balleta... Kanada, Suedia, Japonia... Gogora dezagun Dantzaren Gala ere, Gipuzkoako Dantza Profesionalen Elkartearekin batera antolatu genuena: horiek izan genituen 2016an, eta hala ikus- entzuleen nola kritikaren interesa piztu zuten ikuskizunez gozatu ahal izan zuten dantzazaleek. Malandain Ballet Biarritzekiko lankidetzaren ondorioz, ballet hori etengabe izan genuen Donostian, sinergiak sortuz eta ikus- entzule eta dantzazaleekiko topaketak eskainiz. Ezin ahaztu, halaber, Verdinik antolatutako eguna, abenduan, zeinari erantzun ikusgarria eman baitzioten ikus-entzuleek ekitaldi guztietan.

Antzerki-programazio erregularrean, Nuria Espert, Ramón Barea, Natalia Millán... nabarmendu ziren, Incendios, Windermere eta beste proposamen batzuetan; autore, zuzendari eta proposamen engaiatuak, Europako Kultur Hiriburutzaren karietara diseinaturiko programazio bereziaren barruan, Arte Eszenikoei eskainitako atalean azaldu dugunez.

Donostiako udak espero zen bezala erantzun zuen: Goyo Jiménez, Rafael Alvarez El Brujo, Josema Yuste, Candela Peña, Lola Herrera, Concha Velasco, Luis Varela, Iñaki Miramón izan ziren, besteak beste, Urumea ondoko agertokian, honako proposamen hauekin: Taxi, Los vecinos de arriba, La velocidad del otoño, Reina Juana, Héroes... batzuk aipatzearren. Zer esana eman zuen urtea, beraz, eta ikus-entzuleen konplizitatea eta oniritzia ekarri zituena.

Sasibillek bizirik eutsi zion zarzuelaren garrari, Marina, La alegría de la huerta, La tabernera del puerto,...eskainiz. Gainera, Opus Lirica agertu zitzaigun lirikaren arloan, eta Don Pascuale aurkeztu zuen, oso modu berean aurkeztu ere.

VEA-errauskine-cenicienta-web

Urtero bezala, Munduko Antzerki Eguna ospatu zen martxoaren 27an. Aurreko denboraldian helduentzat euskaraz eskainitako ikuskizunik onenari eman zitzaion saria; Maitasunaren ostean maitasunari, hain zuzen ere. Talde-lanean egindako obra, Ados Teatroaren eskutik. Nabarmentzekoa pastoral bat programatu zela lehen aldiz antzokian, Katalina Erauso, monja alferezaren pertsonaia eztabaidatuaz. Maite K eta Bernardo Atxagaren Lu eta Le lanek osatu zuten 2016ko euskarazko programazioa, formatu handikoak eta joera feministakoak biak ere.

Lankidetzei esker –Biarritzekin, Koreografia Zentroaren bitartez, eta Baionarekin, Scène Nationale-ren bitartez–, jarduera interesgarriak eskaini ziren arte eszenikoetara hurbiltzeko eta sentiberatasuna garatzeko, eta horrek erraztu egin zuen ikus-entzuleak eszenara erakartzea. Gazte taldeekiko lana oinarrizko lan-ildoa da, eta ikus-entzule berriak ekarriko ditu uste baino lehen.

Urte berezia izan zen edukien, estetiken, aniztasunaren aldetik, eta zirku berriarentzat ere izan zen lekurik: Ingalaterratik, Gandini etorri zen, malabarren europar ordezkaririk behinena; eta Hungariatik, berriz, Recirquel, zeinak bere ikuspegi berezia eskaini baitzigun zirku garaikideaz, herrialde hartan oso sustraituta baitago zirkua.

Izan zen astirik Cervantesi omenaldia eskaintzeko ere: Los misterios del Quijote, Rafael Álvarez El Brujoren eskutik, eta El retablo de las maravillas, Morfeo Teatroko kide asaldatzaileenetik.

Silvia Perez Cuz Webl

2016. urtean, musikak leku nabarmena izan zuen Victoria Eugenia Antzokiaren programazioan, emankizun dezente izan baitziren, baina batez ere izen handiek ekarri zioten ospea, eta jende asko erakarri zuten, Donostiatik zein kanpotik.

Nabarmentzekoak, besteak beste, Silvia Pérez Cruz eta Barbara Hendricks kantariak, Graham Nash konpositore eta kantaria, eta Judith Jaúregui piano-jotzailea. Orobat, Antzoki honetan eman zitzaion Adarra saria Benito Lertxundi kantariari, euskal musikari eskainitako ibilbide oparoagatik. Jaso ondoren, antzokia mukuru beteta, Benitok kontzertu hunkigarria eman zuen.

Haurrek ere izan zituzten berentzako ikuskizunak, hala nola TxikiJazz programaziokoak, bai eta arrakasta handiko beste batzuk ere, hala nola, Ene kantak!

Musika Hamabostaldiak Victoria Eugenia Antzokian programatu zuen kontzertu erakargarrienetakoren bat, eta 51. Heineken Jazzaldiak, Donostia 2016ko Elkarrizketak programaren barruan, Europako Jazz gaztearen ikuspegi ondo osatua eskaini zuen 12Pointsen parte hartu zuten 12 taldeen eta beste zenbait jardueraren bitartez.

Zinema arloan, Giza Eskubideen Zinemaldi sendoaren egoitza nagusia da antzoki hau, eta proiekzioen ondotik eztabaida interesgarriak izan ohi dira maiz; bertan izaten dira gonbidatuak, eta bertan egiten dira omenaldiak ere. Horrekin batera, antzokiaren "nortasuna" aldatu egiten da urtero Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean, eta 2016an Fantasiazko Japonia zikloaren egoitza nagusia izan zen; nabari-nabaria zen hori, atondotik agertokiraino.