Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Heineken Jazzaldia

GloriaGaynor-Web

51. Heineken Jazzaldiak aurreikuspen guztiak gainditu zituen, bai ikusle kopuruari bai artisten mailari dagokienez. 175.000 entzule inguru izan zituen guztira jaialdiak; horietatik 19.075 ordainpeko kontzertuetan eta gainerakoak doako kontzertuetan. Trinitate Plazako, Kursaal Auditorioko, San Telmo Museoko eta Victoria Eugenia Antzokiko hainbat emanalditan sarrerak agortu ziren. Giro ederra izan zen Donostian, bisitariz gainezka zegoen hiria, eta jaialdiaren egitarau oparoak harrera ezinhobea izan zuen.

Inoiz baino agertoki gehiago izan zituen jaialdiak, 20 guztira. Hiriko toki enblematikoenetako bat, Konstituzio plaza, Heineken Jazzaldiaren agertokia izan zen estreinakoz. 132 kontzertu izan ziren, horietako 84 doakoak. Gainera, hiriko establezimendu ugarik jazz emanaldiak izan zituzten euren terrazetan, jazza hiriko doinu bihurtuta.

Ellis Marsalis pianista handiak, ospe handiko musikari familiaren sortzaileak (Wynton, Branford, Delfeayo, Jason), jaso zuen Donostiako Jazzaldia Saria. Kontzertua eskaini zuen, eta bukaeran haren seme Branford Marsalisekin balada hunkigarria jo ostean, semeak saria eman zion aitari. Ondoren, Branford Marsalisek kontzerturik gogoangarrienetako bat eskaini zuen, Kurt Elling kantaria lagun zuela.

EllisMarsalis-Web

Itzela izan zen jaialdiaren hasiera: Gloria Gaynorrek jendetza batu zuen Zurriolako hondartzan. 45.000 ikuslek gozatu zuten Gaynorren kontzertuaz eta lau telebistek zuzenean eskaini zuten emanaldiaren hasiera albistegietan. Jazz Band Ballean askoz emanaldi gehiago izan zen: Dave Douglas, Marc Ribot, Cyrus Chestnut, Buster Williams, Lenny White, Terje Rypdal, Elephant9... Goi mailako emanaldiak denak ere.

Trinitate Plazak Marsalis aita-semeen kontzertu gogoangarriaz gain, lehen lerroko jazz musikarien proposamenak hartu zituen: DeJohnette/Coltrane/Garrison hirukoa, Steve Coleman & Five Elements, Steps Ahead Reunion Tour, Bobo Stenson Trio eta, dena borobiltzeko, Diana Krall.

Punta-puntako jazza izan zen ere Kursaal Auditorioan: urrezko hirukote bat (John Scofield, Brad Mehldau, Mark Guiliana), Jan Garbarek Trilok Gurtu perkusionistak lagunduta eta Christian Scott tronpeta-jotzaile estatubatuarra. Halaber, Ibrahim Maalouf tronpeta-jotzaile frantziar-libanoarrak musika proposamen eztabaidagarria eman zuen, Kursaal Auditorioa lepo zegoela.

Aretoak maiz bete ziren 51. edizioan eta kontzertu andanako sarrerak agortu ziren: Trinitate Plazako Marsalis aita-semeak, Steve Coleman eta Diana Krall; Kursaaleko Ibrahim Maalouf eta Mehldau-Scofield-Guiliana; Victoria Eugenia Clubeko Jerry Bergonzi eta San Telmoko eguerditako bost kontzertuak.

DianaKrall-Web

Bete-betean asmatu zen San Telmo Museoan izan ziren eguerdiko kontzertuekin. Sarrera guztiak agortu zituzten bertan izan ziren artistek: Workshop de Lyon proposamen bikain eta ausarta, Josemi Carmona & Javier Colina, Jerry Bergonzi Perico Sambeatek lagunduta, Ainara Ortega euskal jazz musikari gorenez inguratuta eta Mikel Andueza bere disko berri interesgarriarekin.

Konstituzio Plazako agertokiak ere arrakasta izan zuen, bai bertaratutako entzule kopurua bai Souletik jazzera lelopeko egitaraua kontuan hartuta.

Azken urteetan bezalaxe, Heineken Agertoki Berdea festarako, gozamenerako eta bizikidetzarako gune bilakatu zen. Gloria Gaynorrekin festa lehertu zen, baina Charles Bradley ez zen atzean geratu eta soul ikuskizun ikaragarria eskaini zuen. Arrakasta handia izan zuten, halaber, Snarky Puppy sutsuek, John Nemeth eta Nick Waterhouse artista bakanek, Grupo Fantasmaren erritmo latinoek eta etengabe gora ari den bertako Rural Zombies taldeak.

Kursaaleko Terrazek arratsaldez nahiz gauez musika entzuteko primerako aukera eskaini zuten. Euskal Herriko eta Musikene Goi Mailako Musika Ikastegian ikasten duten kanpoko musikariz osatutako taldeek euren abileziak agertzeko plaza aparta izan ziren.

Frantziako Arfi kolektiboak bi musika proposamen oso ikusgarri aurkeztu zituen eta nabarmendu beharrekoak, zalantzarik gabe: Workshop de Lyon eta Marmite Infernale.

51. Heineken Jazzaldiak beste jaialdi bati eman zion aterpe 2016an: europar jazz talentu berriak deskubritzea xede duen 12 Points jaialdiari. Donostia 2016 Kultur Hiriburuaren Elkarrizketak lerroarekin elkarlanean antolatutako jaialdi ibiltari hau Dublinen egiten da bi urtero eta gainerako edizioak Europako beste hiriburutan egiten dira. 10. edizioa Donostian egiteak zentzu guztia zuen, kultur hiriburutzaren urtean. Europako 12 hiritako 12 talderen kontzertuak izan ziren 12 Points jaialdiaren muina eta jazz adituen parte-hartzea izan zuen Jazz Futures mintegiak eta Tabakalerako Kutxa Kultur Kluban egin ziren jam session gautiarrek biribildu zuten egitaraua.

Taula