Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

Kultur Ekintza

Donostia Kulturako Kultur Ekintza zerbitzuak zuzentzen dituen kultur etxeetako datuak xehatuko ditugu jarraian, bai eta urtean zehar nabarmendu beharreko zenbait jarduera ere.

Datu orokorrek beste behin ere erakutsi digute Donostiako kultur etxeak auzoetako egunerokoan errotuta daudela eta hiritarrentzat erreferentzia eta elkargune direla. Horren haritik, iazko bisita kopurua mantendu egin da eta, guztira, 1.360.984 bisita izan dituzte kultur etxeek.

Datuak xehatzen hasita, guztira, 3.077 jarduera programatu dituzte kultur etxeek 2014. urtean zehar eta jarduera horietan 265.254 lagunek parte hartu dute. Aurreko urtearekin alderatuta jarduera kopurua apur bat txikiagoa izan da, baina horietan parte hartu dutenen kopuruak, ordea, gora egin du.

Aurrekontu parte-hartzaileak

Jarduerekin batera, alor eta diziplina anitzeko ikastaroen eskaintza oparoa egin dute kultur etxeek haur zein helduei zuzenduta. Lurralde desberdinetan, orotara, 809 ikastaro burutu dira euskaraz zein gaztelaniaz eta horietan 10.872 gizon-emakumek parte hartu dute. Ikastaro arrakastatsuak izan dira, formatu eta iraupen desberdineko proposamenak eskaini baitira, eta horrela, Kultur Ekintza zerbitzuaren helburuetako bat bete da, hots, herritarrei askotariko kultur diziplinak ezagutzera ematearena: ikus-entzunezkoak eta zinema, antzerkia, dantza, komunikazioa, literatura, eta abar.

Eragileekiko elkarlana

Kultur etxeak, hala ere, ez dira bakarrik jarduerak eta programazioa antolatzen jardun. Aurreko urteetan bezalaxe, lurraldeko elkarte eta eragileekiko elkarlana ezinbestekoa izan da programazioa lantzeko, eta eskuz esku aritu dira elkarrekin lanean. Auzo guztiak aintzat hartuta, kultur etxeetako arduradunek 333 eragile ingururekin batera lan egiten dute. Elkarlan horri berebiziko garrantzia ematen diogu, Kultur Ekintza zerbitzuaren helburuetako bat lankidetza eta partaidetza bultzatzea baita.

Musika Parkean

Eragile horiekin egindako lanaren ondorio ditugu, besteak beste, Aieten auzoko bizilagunek proposatutako Aieteko artistak erakusketa, Casares-Tomasene kultur etxeak Altzako ikastola eta ikastetxeekin batera landutako Heziketa Jardunaldiak edo Intxaurrondon artista profesionalek eta auzoko eragileek elkarlanean sortutako Sagasti Eder Printzesa eta Granadako Boadbil auzo algara. Ekimen arrakastatsuak izan dira guztiak, elkarren arteko lanak emaitza oparoak ematen dituenaren seinale. Horiez gain, auzoetako jaietan eta urteroko jarduera zehatzetan gauzatu da elkarlan hori.

Eta elkarlanaren eta partaidetzaren ildoarekin jarraituz, Kultur Ekintzak lurraldeetako elkarte, kolektibo zein gizarte eta kultur eragileekin lankidetzak sustatzen jarraitu du. Bi lankidetza-hitzarmen berri egin dira: Parte Zaharreko Parte Zaharrean Bizi auzo elkartearekin eta Amarako Amara Bai auzo elkartearekin. Horrekin batera, Amarako Mundo Nuevo elkartearekin, Añorgako Kultur Elkartearekin eta Zubietako eta Igeldoko Herri Kontseiluekin aurretik dauden hitzarmenak berritu egin dira.

Jarduera eta ikastaro eskaintzaz gain, egunero askotariko zerbitzuak eskaintzen dizkiete hiritarrei gure kultur etxeek. Haur, gazte eta helduek liburutegi eta KZgune zerbitzuak erabil ditzakete, besteak beste, baina baita haiei zehazkiago zuzendutako Gazteleku, Haurtxoko eta +55 zerbitzuak ere. Zerbitzu horiek 731.468 lagunek baliatu dituzte 2014. urtean.

Kultur etxeetako jarduerak

Kultur etxeetako jarduerei lotuta, zalantzarik gabe, eragileekin urte osoan egindako lana kultur etxeek burututako programazioan islatu da, eta aurten ere, bere espezializazio-ildoari jarraitu dio kultur etxe bakoitzak.

Jarduerak askotarikoak eta ugariak izan dira, baina gehiegi ez luzatzearren, honako hauek nabarmendu nahi genituzke:

Aiete kultur etxeak Bakearen eta Giza Eskubideen Etxearen lotura berezia dela eta, arreta berezia jarri du gai horietan, eta azpimarratzekoak dira Bakearen Etxearekin elkarlanean antolatutako Arbela beltza. Sasoi ilunak euskal hezkuntzan eta Altxaldi frankista eta ondorengo urteak erakusketak. Bestalde, Aietek bereziki bultzatzen duen programazioak 4.000 ikusletik gora erakarri dituela nabarmendu beharra dago.

Egia kultur etxean, bestalde, Musikagela entseguetarako lokalen zerbitzua indartu egin da eta bi zerbitzu berri estreinatu ditu: zuzeneko emanaldietarako soinu-ekipamendua eta grabaziorako estudioa. Iaztik, beraz, taldeen kontzertuetarako soinuztapena hobetzeko aukera eskaintzen du Musikagelak, bai eta taldeek euren lanak ezagutzera emateko maketa bat grabatzekoa ere. Egiak, bestalde, dantza diziplina du berezitasun, eta aurten indar berezia jarri du sormenaren inguruko sentsibilizazioa sustatzen.

musikagela

Lugaritzen Imanol kantariaren inguruan urtero egiten diren jardunaldiak bereziak izan dira aurten, kantari donostiarraren heriotzaren X. urteurrena bete baita. Imanoli buruzko erakusketa eta dokumentala eskaini dira, eta jardunaldiei amaiera emateko, kontzertu berezia eskaini dute zenbait kantari eta lagunek. Ekitaldi guztiak oso arrakastatsuak izan dira. Bestalde, bi urtetik behin egiten den Merkatuaren Eguna nabarmendu nahi dugu, auzoko elkarte eta eragileekin batera egindako lanaren erakusgarri baita.

Altzako Casares kultur etxeak Casares Irratia indartu du webgune berria estreinatuta. Zuzeneko emisioaz gain, irratiak ekoitzitako guztia entzun eta deskargatu daiteke webgune berriaren bidez. Bestalde, programazio zabala eskaini du aurten irratiak, eta irratsaioez gain, ikastaro eskaintza oparoa izan da, esperientzia handiko profesionalen parte-hartzearekin.

Casares irratia

 Larratxo kultur etxean, aldiz, artista amateur eta profesionalek bat egin dute oholtzan Altzaquillo ikuskizunean. Jon Maya dantzariaren zuzendaritzapean, dantzari amateurrek flamenkoa eta euskal dantza uztartzen dituen ikuskizuna eskaini dute Olatu Talka jaialdiaren barruan.

Loiola kultur etxeko jarduera ugari Loiolako, Txomin Eneko eta Martuteneko gizarte eta kultura eragileen parte-hartzearekin batera burutu dira. Udaleko zenbait departamenturekin ere hirigintza arloko zenbait partaidetza-prozesutan murgilduta egon da kultur etxea.

Ernest Lluch kultur etxeari dagokionez, literaturari lotutako jarduera kopurua, aniztasuna eta kalitatea dira bereziki azpimarratzekoak. Hitzaldi ziklo desberdinek oihartzun handia izan dute, Mendeurrenak edo Hiria pentsatu, esaterako. Erakusketen arloan, ekoizpen propioa sustatu da, eta ikastaro eskaintza zabala eta oso arrakastatsua izan da.

Intxaurrondo kultur etxeak musika eta kontzertuak indartu ditu iragan urtean; horrela, emanaldi kopurua ez ezik, ikusle kopuruak ere gora egin du, aurreko urteetan baino 3.000 entzule gehiago lortuz (guztira 8.500 inguru). Horrekin batera, Donostia2016 Fundazioarekin batera landutako Infusioak proiektua azpimarratu nahi dugu. Artista profesionalek eta auzoko eragileek elkarlanean sorkuntza bat egin dute, Sagasti Eder Printzesa eta Granadako Boadbil auzo algara, eta arrakasta handia izan du.

Larrotxene kultur etxeko bideo espezializazioak aro berri bati eman dio hasiera aurten. Bertako egindako lanei ikusgarritasun handiagoa emateko, Bideoaldia Victoria Eugenia Antzokian egin da eta jendez lepo bete da. Aro berri honetan, bestalde, lan konexio berriak jorratu dira Musikene Euskal Herriko goi-mailako musika ikastegiarekin, esaterako.

Erakusketek erreferente izaten jarraitzen dute Okendo kultur etxean, auzoarentzako nola hiri guztiarentzako. Erakusketen ildoak maila handiko eta estilo desberdineko erakusketak eskaintzea du helburu, eta diziplina desberdineko zein bertako artistei aukera ematen die. Besteak beste, Mafaldaren 50. urteurrena erakusketa arrakastatsua eta 7 Emakume Margolari Taldea eta Iker Valle artisten lanak izan dira ikusgai.

Larrotxene-Bideoaldia

Jarduera
 Guztira    
 Zbk.Erabil.       
Antzerkia 211 35.998
Dantza 46 9.462
Bideoa 185 9.354
Musika 198 38.861
Hitzaldiak 117 6.397
Erakusketak 100 94.731
Bilerak eta elkarteen ekitaldiak 1.452 31.888
Areto alokairuak 18 3.122
Liburutegiko jarduerak 515 11.688
Beste 235 23.753
GUZTIRA 3.077 265.254

 

Zerbitzuak
 ZenbakiaErabilpen
Musika Eskola 14 83
GUZTIRA
731.551
Liburutegiko bisitariak 621.336
Haurtxokoa (jarduerak) 774 26.973
Gaztelekua (jarduerak) 611 29.780
Plus 55 (jarduerak) 294 14.964
Ikasgela (erabilpen) 4.256
KZgunea (erabilpen) 28.220
Musikagela (taldeka eta erabilpen) 31 5.789
Bideo tailerra (ekoizpenak eta parte hartzaileak) 51 150

 

Ikastaroak 2014
 Ikastaro kopuruaErabiltzaile kopuruaEmakumezkoakGizonezkoak
Ikastaroak 809 10.872 7.117 3.755