Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

San Telmo, euskal gizartearen museoa

2014an, San Telmo Museoak eutsi egin zion 2011n berriro ireki zenetik zehaztutako dinamikari eta jarduerari; hala bildumen dokumentazio, kontserbazio eta zaharberritze arloan egindako lanari dagokionez, nola hedapenaren arloari dagokionez, lan guztia museo moderno, bizi eta euskal gizartean zentratu bat sendotzera begira egon zen, ondarea eta kultura babesteari begira, eta beste gizarte batzuen kultur eta arte-adierazpideak ezagutzeari begira.

San Telmo Museoa

Erakusketak

Frivolite erakusketa

Aldi baterako erakusketei dagokienez, Bordeleko Musée d’Aquitaine-k ekoitzitako Galiarren aroan erakusketa arkeologiko handiarekin hasi zen urtea; erakusketa hori 13.816 lagunek bisitatu zuten, eta haurrek ere izan zuten berentzako eskaintza didaktikoa eta aisiarakoa. Ondoren, eta udarekin batera, Frivolité inauguratu zen, Museoak ekoitzia, XVIII. mendeko jantzien bildumari buruzkoa, zeina Museoarena baita eta zaharberritu eta katalogatu egin baita azken urteotan. Arrakasta handia izan zuen ikusle aldetik, 18.400 bisitari, eta beste zenbait proposamen berarekin lotuta: musikalak, zinekoak…Udako eskaintza osatzeko, argazki-erakusketa bat izan genuen, Axel Hütte artista alemanaren Paisaia erdibitua, zeinak 10.380 bisitari izan baitzituen.

Frivolite

Museoaren bigarren produkzioa, 2014an, Suturak. Cerca a lo próximo erakusketa izan zen, Gasteizko Artium Museoarekin lankidetzan egina, eta Xabier Sáenz Gorbea eta Enrique Martínez Goikoetxea zirelarik komisarioak; 120 obra jarri ziren ikusgai urriaren azkenetik hasita, Euskal Herriko artista garaikideek sortuak; 2015eko urtarrilera arte luzatu da.

Suturak

Formatu txikiagoan, eta 2013ko azkenalditik aurkeztuta,“200”, hiriari buruzko ikus-entzunezko instalazioa; 4.586 bisita izan zituen, eta ondoren Urgullera eraman zen. Ondotik, Ura, ibaiak eta herriak argazki-erakusketa, 3.600 lagunek bisitatua, munduko uraren eskubideari buruzko jarduera askoren ardatz izan zen; ekainetik aurrera eta uda osoan zehar, Laborategia aretoa itxita egon zen berregokitzeko.  Segidan, eta Zimenaldiarekin batera, Metropolis erakusketa jarri zen ikusgai, Berlingo Zinearen Museoak eta Alemaniako telebistak ekoitzi eta biran jarria, zeina 4.271 lagunek bisitatu baitzuten.

Azkenik, eta Udalak aurkeztutako Donostiako Itzulia proiektuarekin lotuta, erakusketa-gune bat sortu zen Donostiako mugetan zehar doazen bideak ezagutzeko; gune horretan zenbait jarduera egin ziren Donostiaren alderik ezezagunena ezagutarazteko; 2015eraino luzatu da.

Museoaren eskaintza iraunkorrari dagokionez, nabarmentzekoa da erakusketa iraunkorrean Ahotsak proiektuan bildutako lekukotzen garapena, hala baserriko munduarekin nola herrietako eta industriako munduarekin lotuta.

Garatuz jarraitu duen beste proiektu bat Museoen Museoa izan da; sarreran eta Museoan zeharkako ibilbidean zehar, ikusgai jarri da San Telmon landutako gaien eta Euskal Herriko beste museo eta zentro batzuetan jorratutako gaien arteko lotura.

Aurreko urteetan bezalako dinamikari jarraitzen dio Urgull mendiko Historiaren Etxean den erakusketa-eskaintzak: han dugu Donostiari begira erakusketa, non 2014an ikus-entzunezko bi proiekzio gehitu baitira, biak ere 1813-2013 mendeurrenaren ospakizunak zirela-eta ekoitziak. Gune hura bisitatu dutenen kopurua handia izan da 2014an ere; gehienak, turistak.

Azkenik, erakusketa-proiektu berezia izan da Julio Caro Baroja gogoan (1914-2014), Donostiako liburutegi publiko guztietan banatutako piezen erakusketa, denak ere etnografoaren testu banarekin, eta gida batekin eta bibliografia hautatu batekin; Udal Liburutegien Sarearekin batera egin da proiektua.

Hala erakusketa iraunkorrari nola aldi baterako erakusketei lotutako jarduerak aurreko urteetako ildotik joan dira: programazio iraunkor bat, hitzaldi, jardunaldi, eztabaida eta lantegiz osatua urtean zehar, eta programazio jai-kutsukoago bat uda partean, batez ere Donostiako jaialdi eta gertaldiekin lotua, hala nola Jazzaldiarekin, Zinemaldiarekin, Musika Hamabostaldiarekin, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinearen Astearekin…

Horrek guztiak harreman instituzionalen sorta ezin zabalagoa osatzen du era guztietako erakundeekin: kultura, hezkuntza, turismo, aisia eta beste arlo batzuetakoak.

Ekimenak museoan

Dokumentazioa eta artxiboa

Konserbazioari eta dokumentazioari dagokienez, 2014ko zeregin nagusia Gordailuan egindakoa da, Gipuzkoako Ondarearen Zentroan, bildumak kokatzeko eta laburtzapenak jartzeko lanekin; dokumentazio- eta ikerkuntza-lanari dagokionez, lanean jarraitzen dugu ehun- eta arte-bildumetan; kasu honetan, bereziki, Grecoari esleitu zaizkion piezetan, argazki historikoetan eta karteletan. Zaharberritze-lanak batez ere ehunen, paperaren, Urgulleko kanoien eta Sert-en Mihiseen gaineko lanak amaitzearen inguruan egin dira.

Tresna informatikoei dagokienez, EUROMUS sistema ezarri da museoaren jarduera kudeatzeko.

Bisitak

Azkenik, gogoratu beharra dago ezen klimatologiak eta urtarril-otsailetan izandako denborale bortitzak eragin handia izan zutela museoan eta inguru guztian, eta Zuloaga plaza itxi egin behar izan zela aldi baterako; gainera, eraikina hobetzeko zenbait lan egin ziren, ekainean gehienak (Museora sartzeko ateak berritzea, eta etxabeko hormigoizko eta zurezko zoruak konpontzea). Horrek guztiak eragina izan du Museoaren ohiko funtzionamenduan, eta, ondorioz, hilabete horietan bisitari eta jarduera gutxiago izan dira.

Familientzako jarduerak

Bisitari kopurua San Telmo Museoan

STMko bisitari kopurua (museoa, erakusketak, jarduerak): 102.304
URGULL ERAKUSKETA bisitari kopurua: 142.959
Bisitariak guztira: 245.263


STMko aldi baterako ERAKUSKETAK bisitari kopurua: 61.212
STMko JARDUERAK partaide kopurua: 22.428
BISITA GIDATUAK partaide kopurua: 9.563