Giza Eskubideen 17. Zinemaldiaren programazioaren aurrerapena

Welcome to Sodom

Thursday, 28 February 2019

Soinujolearen semea (2018) filmak, Fernando Bernuések zuzenduak, inauguratuko du datorren apirilaren 5ean Victoria Eugenia Antzokian Donostiako Giza Eskubideen 17. Zinemaldia, Donostiako Udaleko Giza Eskubideak arloak eta Donostia Kulturak antolatua. Zinemaldia apirilaren 5etik 12ra izango da Victoria Eugenian ‒zinemaldiaren egoitza nagusia‒ baita hiriko beste zenbait eszenatokitan ere.

Urtero bezala, zinemaldiak hainbat gairi helduko die, beste askoren artean: migratzaileak hartzeko herritarren sareak (Paseko txoriak), gelarien erreibindikazioak (Hotel Explotación: Las Kellys) edo gazteen egoera Saharan (Hamada). Gainera, Bortizkeria sexistaren aurkako Matazak proiektura hurbilduko da Hilos de sororidad dokumentalaren estreinaldiarekin, eta bidaia bat egingo du denboran Balkanetako Gerrara (The Load), Khmer Gorrien Kanbodiako sarraskietara (Funan) eta Nelson Mandela eta bere kideen aurkako epaiketara (The State Against Mandela and the Others).

19:00etako proiekzioen ondoren izango diren solasaldietan aktualitateko zenbait gaitan sakonduko da, pelikuletako ordezkarien parte hartzearekin (zuzendariak, protagonistak...) eta giza eskubideen arloan lanean diharduten pertsonekin, aktibistekin eta erakundeekin, beren esperientziak publikoarekin partekatzeko.

Urtero bezala, erakusketa batzuk antolatuko dira Zinemaldiaren esparruan: Kongoko emakumeak, Isabel Muñozena (Okendo KE), Rohingya exodoa (Mugarik Gabeko Medikuak) (Aiete KE), Artea eta giza eskubideak, haur eta gazteen XV. ekitaldia (Victoria Eugenia Antzokia) eta The Last Man on Earth (FNAC).

Beste pelikulen aurrerapena

Berrorientazio sexualerako terapiak

THE MISEDUCATION OF CAMERON POST (2018). Desiree Akhavan. AEB

Cameron Posten bizitza zeharo aldatzen da Institutuko dantzaldiaren gauean, bere mutil lagunak beste neska batekin ikusten duenean auto baten atzealdean. Hala, bere izeba/tutoreak erabakita, denboraldi baterako joan behar izango du terapiako kanpamendu batera, "sexu bereko pertsonenganako erakargarritasunaren aurka borroka egiten duten nerabeentzat". Bertan, diziplina bitxi bat ezartzen diote Cameroni, baita des-homosexualizatzeko metodo oso bereziak eta sentikortasun handiko rock abesti kristauak ere. Aldi berean, ordea, ezohiko leku horrek aukera emango dio bi neska ezagutzeko; hasiera-hasieratik konektatuko du haiekin, eta familia berri bat bilakatuko dira beretzat.

Apartheiden aurkako borroka Hegoafrikan, ahalegin kolektibo bat

THE STATE AGAINST MANDELA AND THE OTHERS (2018). Nicolas Champeaux, Gilles Porte. Frantzia

Bere jaiotzaren mendeurrenean, 2018an, Nelson Mandela aitzindarian oinarritu ohi da Hegoafrikako apartheiden aurkako borrokaren historia. Baina zortzi gizon gehiago zeuden, berak bezala, aurka egin ziotenek 1963 eta 1964 urte bitartean izandako epaiketa historiko hartan ebatzitako heriotza-zigorrari. Fiskal erretxin baten aurka borrokatuz, prozesua apartheiden kontrako tribuna bihurtzea erabaki zuten. Orain, entzunaldietako audio artxiboei esker ‒duela gutxi berreskuratu dira‒ eta prozesu hura bizi izan zuten pertsonen testigantza zuzenarekin, egun historiko haietara eta epaiketa hartara hurbiltzen da dokumentala.

Kanbodiako genozidioa: hiru urte, zortzi hilabete eta hogei eguneko izua

FUNAN (2018). Denis Do. Frantzia-Belgika-Luxenburgo

1975eko apirila. Chouk bizimodu lasaia darama Phnom Penh-en, goiz batean Khmer Gorriek izugarrikeria batean murgiltzen duten arte Kanbodia. Hurrengo asteetan hasiko dira populazio gehiena landara deportatzen. Bidaia horretan, Choukek bere begiekin ikusiko du nola galtzen den jendetzaren artean bere semea, 4 urtekoa. Lur jota geratuko da, baina ez du ez, itxaropena galduko. Funanek ama baten eta aita baten historia harrigarri bezain ahalmentsua kontatzen digu, beren semea salbatzeko eta gerra denboran familia elkartuta mantentzeko borroka horretan.

Sahara: erbestean eta etorkizunik gabe jaiotako belaunaldiak

HAMADA (2018). Eloy Domínguez Serén. Suedia-Alemania-Norvegia

Minez jositako esparru batek eta munduko bigarren harresi militar handienak banandu dituzte Sidahmed, Zaara eta Taher beren etxetik ‒haien gurasoek kontatzen dizkieten istorioengatik bakarrik ezagutzen dutena‒. Sahararrak dira: munduak ahaztutakoak, basamortuan abandonatuak, Marrokok Mendebaldeko Saharatik egotzi zituenetik duela 40 urte.

Bortizkeria sexistaren aurkako Matazak

HILOS DE SORORIDAD (2019). Eneko Olasagasti. Euskadi

(ESTREINALDIA)

Bortizkeria sexistaren aurkako Matazak proiektuaren historia kontatzen digu Hilos de sororidad dokumentalak. Astigarragan Harituz elkartean izan zuen sorburutik eta bere protagonisten eskutik, geografia nazionalean eta nazioartekoan zehar izan dituzten topaketak, pasadizoak, ekintzak eta bidaiak deskribatzen ditu. Proiektu honetan era askotako emakumeak elkartzen dira, ehuntzea bitarteko dela, ehule borrokalari bilakatuta, eta sororitatetik egiten diote aurre indarkeria sexistari. Matazak, eratzen ari diren lazo kolektibo handiak alegia, 6 km-tik gorako luzera du orain, eta sinbolizazio gune bat da, non zati bakoitzak bizitza bat irudikatzen duen, indarkeria sexista jabe egindakoa.

Lan feminizatuak eta esplotazioa

HOTEL EXPLOTACIÓN: LAS KELLYS (2018). Georgina Cisquella. Espainia

Berrehun mila emakumek baino gehiagok lan egiten dute gelari gisa Espainian, eta funtsezko lana, ikusezina ordea, betetzen dute ostalaritzako sektorean. Dokumental honek hotelak garbitzen dituzten emakume horien ‒Kellys deitzen zaienak‒ bizitza, arazoak eta borroka jasotzen ditu. BPGaren bandera-ontzitzat hartuta Gobernuak aldarrikatu bitartean industria turistikoak Espainian duen indarra, gero eta okerragoak dira eskaintzen dituen lan-baldintzak, euro eta erdi kobratzeraino gelako.

Balkanetako Gerraren zama astuna

THE LOAD (2018). Ognjen Glavonić. Serbia-Frantzia-Kroazia-Iran-Qatar

Vladak kamioi bat gidatzen lan egiten du 1999an OTANeko indarrek Serbian burututako bonbardaketan. Bere azkeneko enkargua hau da: zama misteriotsu bat Kosovotik Belgraderaino garraiatzea, beretzat ezezagun den lurralde babesgabe eta arriskutsu batetik, gerrak suntsitutako herrialde batean. Badaki lana bukatutakoan etxera itzuli beharko duela, eta aurre egin behar izango diela bere ekintzen ondorioei.

Herritarren sareak migratzaileak hartzeko

PASEKO TXORIAK (2019). Juanmi Gutiérrez. Euskadi

(ESTREINALDIA)

2018ko uztailean hasi zen guztia. Afrikatik etorritako migratzaile taldeak, Frantziako muga zeharkatzen saiatzen ari zirenak, Irungo tren geltokira hasi ziren iristen. Kalean egiten zuten lo. Herrian lan egiten GKEek okupen mugimenduek erreakzionatzea lortu zuten, eta beren lokalak utzi zizkieten. Hala zabaldu zen Irunen olatu eskuzabal hura.

Juanmi Gutiérrez errealizadore errenteriarrak zuzendutako azkeneko dokumentala –Mur-mur (2012), Ateak zabalduz (2014), Oihalak adarretan (2016)–.

Afrika: gure zabor elektronikoaren hilerria

WELCOME TO SODOM (2018). Florian Weigensamer, Christian Krönes. Austria

Agbogbloshie, Accra-n, munduko hondakindegi teknologiko handiena da. 6.000 bat emakume, gizon eta haur bizi eta lan egiten dute Sodoma deitzen dioten leku horretan. Urtero, hondatutako ordenagailuen, mugikorren eta era guztietako gailu elektronikoen 250.000 tona inguru iristen dira bertara mundu urrun eta digitalizatu batetik. Eta legez kontra.

Add comment


Security code
Refresh

Social Networks

  • Facebook
  • Twitter
  • Youtube
  • Instagram
  • Linkedin