Sarrerak
San Sebastián, ciudad de la cultura

2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza: "Sarean Kateatuak" eta "Sexijentziak Askatuz" dira aukeratutako proiektuak

Sarean kateatuak

Asteartea, 2015(e)ko Azaroa(r)en 17-(e)an

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2016ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza izeneko programak baditu dagoeneko lehen eta bigarren sariak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Nomofobikak taldearen Sarean Kateatuak antzezlanari. Bigarren saria, berriz, Bazen Behin Klown taldearen Sexijentziak Askatuz lanari egokitu zaio.

Sarean kateatuak

Proiektu hau Amaia Lizarralde, Belen Cruz eta Olatz Beobide aktoreen desio artistikoak bultzatu du: elkarrekin sorkuntza batean buru-belarri murgiltzeko nahiak. Bizpahiru aldiz bildu ondoren, eta bertan hainbat eta hainbat gai aztertu ondoren, haien lanaren motorra izango den leif motive-a agertu zen: mugikorrekin eta sare sozialekin dugun menpekotasuna. Argi zuten, honetaz hitz egin nahi dutela eta horrela egingo dute bi pazientek bere psikologoarekin duten harremanaren bidez.

Sexijentziak askatuz

Antzezlan hau aktore bakar baten (Itziar Saenz de Ojer) inguruan ematen den bakarrizketa da. Pedro Arnaez-en gidaritzapean, clown formatuak eskaintzen duen inozentzia eta umorea, harreman erotikoek sortzen dituzten hainbat sinismen oker eta exijentziak aztertzeko erabiliko dira. Benetan gutariko bakoitzak gure sexualitatearen jabe izateak duen garrantziaren aldarrikapena, alegia.

Proiektu irabazleak 4.000 euroko dirulaguntza jasoko du proposatutako antzezlana garatzeko eta ekoizteko. Bigarren sariak, berriz, 3.200 euroko dirulaguntza izango du xede berdinerako. 2016ko otsailaren 11tik 28ra Donostiako hainbat taberna eta aretotan egingo den Poltsiko Antzerki Jaialdiaren 25. edizioaren barruan ikusteko aukera izango da.

Donostia Kulturak, Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona azaldu nahi diete. Aurkeztutako proiektuek maila altua erakutsi dute eta aukeraketa zaila izan da.

Iruzkina idatzi

Segurtasun kodea
Freskatu