Web mapa
Hizkuntzak

Donostiako estropadak 1879tik egiten dira, iraileko lehen bi igandeetan betiere, Kontxako badian. 2008tik, emakumeen estropada ere egiten da.

Zumaiako emakumezkoen trainerua Kaikuko gizonezkoen traineruarekin batera portuan.
Zumaiako emakumezkoen trainerua Kaikuko gizonezkoen traineruarekin batera portuan.

Estropadak bizimodu jakin baten ondorio dira: Itsaso zabalean egiten zen arrantza. Ontzietarako, pertsona indartsuak eta segimen handikoak behar izaten ziren, orduetan ekinean jarduteko gai zirenak arrantzaguneetara iritsi arte, bai eta arrantzan egin eta gero atzera portura itzultzeko ere, ontziak zamatuta, ahalik eta bizkorren, arrantza enkantean emateko.

2023ko Kontxako Bandera

2023ko Kartela

Aurtengo kartelaren egilea Leire Aramburu de la Cal lezotarra da. Marrazketari eta sorkuntzari lotutako zerbait ikasi nahi izan zuen beti, eta 18 urterekin Arte Ederrak ikasten hasi zen Bilbon.2013an Mexikora joan zen urtebetez ikastera.

2023ko Donostiako Estropaden kartela diseinu originala da, eta hainbat teknika artistiko uztartzen ditu kirol-ekitaldi garrantzitsu honen espiritua irudikatzeko. Collage, argazki eta marrazketa digitalaren erabilerak irudi sinple eta deigarria sortzen du, estropaden energia eta edertasuna eta Donostiako inguru naturala islatzen duena, zaleak kirol eta kultur ikuskizun honetaz gozatzera gonbidatuz.

cartel de las Regatas 2022

Donostiako 2023ko estropaden iragarki-kartela.

Palmaresa (1879tik)

Historia

Trainerua espezie pelagikoak arrantzatzeko erabili ohi zen, antxoa eta sardina batik bat, eta hamabi-hamahiru lagunek osatzen zuten eskifaia, norabideari eusten zion patroiarekin batera. Hasieratik, ontzi liraina izan da itxuraz, bizkorra ur gainean, eta neurri beretsukoa gaur egun arte (12 metro luze).

Denborarekin, itsasontzietan motorrak ordezkatu zuen gizakien indarra, baina arraun-munduak arrantzari lotuta jarraitu du urte askoan. Sektoreko profesionalak kostako eskifaia onenetan hezten eta trebatzen ziren. Eta gaur egun ere, nahiz eta arraunlari guztiak ez diren arrantzaleak eta tostako arraunketan ere sasi-profesionaltze halako bat gertatu, klubak arrantza-tradizio luzeko herrietakoak dira gehienak.

Antzinako argazkia - Portua jendez gainezka errekak ikusteko

Antzinako argazkia - Portua jendez gainezka errekak ikusteko.

Estropada bat amaitu ondoren, gizonezko traineru baten argazki zaharra

Estropada bat amaitu ondoren, gizonezko traineru baten argazki zaharra.

Kontxako estropadak 1879an antolatu ziren lehen aldiz, Donostiako udako jai-programaren barruan. Arrantzarako traineruak erabili ziren hartarako, ordura arte ere lehian ibiltzen baitziren, nor baino nor, tartean diru-apustuak zirela.

1879ko iraileko igande hartan hain jendetza handia etorri zen “Lequeitiarra” traineruak (matrikula eta arraunlariak donostiarrak zituela) nola irabazten zuen ikustera, non Donostiako Udalak estropadak sartu baitzituen hurrengo urteetako programetan ere. Mende hasierako urte batzuetan eta Gerratean izan ezik, estropadak etenik gabe egin dira gaur egun arte.

Ehun urtetik gorako historiari esker, Donostiako Estropadak Euskal Herriko kirol-ikuskizun ikusgarrienetako bat izatera iritsi dira. Ez da beste ikuskizunik hainbesteko jendetza erakartzen duenik, Urgull, Igeldo, Paseo Berria, Kaia eta Uhartea mukuru betetzeraino, bai eta era guztietako itsasontziak ere, iraileko lehen bi igandeotan. Eta hori hala da nahiz eta telebistak irudiak etxeraino ekarri, estropadak zuzenean emanez.

2008tik, Donostiako Estropadetan bada emakumeen bandera ere. Emakumeek lehiaketa honetan parte hartzeak frogatzen du Kontxako Bandera kirol-arloaz harago doala, inguruko gizartearen sentierari erantzunez eta are erakargarriagoa egiten duten alderdiak bere eginez.

Tiran Pereira gizonezkoen trainerua, Galizia

Tiran Pereira gizonezkoen trainerua, Galizia.

Emakumezkoen traineruen irteerako argazkia

Emakumezkoen traineruen irteerako argazkia.

Donostia Kultura Festak, Donostiako Estropaden antolatzaileak, kostaldeko lehiaketarik antzinakoenak eta garrantzitsuenak izan duen eskema historikoari eutsi dio. Honela laburbil daiteke:

  • Erlojupeko sailkatze-estropadak, iraileko lehen igandearen aurreko asteazken eta ostegunean egiten dira, bai emakumezkoen modalitatean bai gizonezkoenean: emakumeek, 1,5 miliako ibilbidea, bi luze eta ziaboga bakarra; gizonezkoek, 3 miliako ibilbidea, bi luze eta ziaboga bakarra.
  • Estropaden finalak, 11:00etan (emakumeak) eta 12:00etan (gizonezkoak), iraileko lehen bi igandeetan; bai emakumeek eta bai gizonezkoek bi txanda dituztela, sailkatze-proban ondoen geratu diren zazpi traineruak eta Donostiako trainerua. Emakumeetan zein gizonezkoetan, bi igandeetako denborak batuta denborarik onena egiten duen traineruak irabaziko du Kontxako Bandera.

2012ko Kontxako Banderaren irabazleak

2012ko Kontxako Banderaren irabazleak.