Web mapa
Hizkuntzak

Gerry Lopez legendazko surflariak eta Stacy Peralta zinema zuzendari ospetsuak Espainian aurkeztuko dute, Donostiako Antzoki Zaharrean, uztailaren 17an, The Yin & Yang of Gerry Lopez filmaren estreinaldia.

Gerry Lopez en la actualidad

Proiekzioa 20:30ean hasiko da eta, ondoren, hizketaldi bat egingo da hirian zenbait egun emango dituzten protagonistarekin eta zuzendariarekin. Sarrerak dagoeneko salgai daude donostiakultura/sarrerak webgunean.

Aurkezpena antolatzeko lankidetzan aritu dira Surfilmfestibal, ekitaldi berezi honetarako marka berreskuratu duena, Donostia Kultura eta Patagonia, dokumentalaren ekoiztetxea..

Filmak surflari, shaper eta Pipeline olatuaren ikono berdingabea den Gerry Lopezen bizitza eta ibilbide profesionala errepasatzen ditu, Hawaiiko North Shore kostaldean. Stacy Peraltak, Sundance zinemaldian Dogtown and the Z-Boys (2001) filmarekin zuzendari onenaren saria jaso zuenak, Lopezen mitoa eta legenda argitzen ditu 100 minutu zirraragarritan. Filmak 60ko hamarkadako Hawaiiko, 70eko hamarkadako Indonesiako eta surf profesionalaren hainbat garaitan funtsezkoak izan diren surflarien testigantza eta elkarrizketen artxiboko irudiak berreskuratu ditu.

Gerry Lopezen (Honolulu, 1948) bizitza ibilbidea etengabeko bilaketa bat izan da, surf oldarkorraren erradikaltasunaren eta kontzentrazio handiena eskatzen duen arrakasta baketsuaren arteko oreka aurkitu nahian. Yoga egitea izan da Lopezek egoera ia meditatibo horretara iristeko aurkitu eta erabili duen bidea. Horren adibide ezin hobea da Javan zeraman bizitza aszetikoa, Grajagan olatua (G-Land) lehenengo aldiz ezagutu eta surfeatu zutenean. Jarduera honek eragin handia izan du Lopezen bizitza osoan zehar eta modu sakonean aztertzen da hori pelikulan.

Gerryren kontaketaren ildotik, biopic honek arreta berezia jartzen die bere bizitzako momentu erabakigarriei, hala nola Ala Moanako olatuan surfean hasi zeneko garaia, ohol laburrekin eragin zuten iraultza edo Lightning Bolt markarekin enpresaburu bihurtu zeneko aldia. Azkenean, Pipeline surf ikaragarri bati esker, Estatu Batuetako herri kulturaren ikono izatera heldu zen eta Big Wednesday (John Milius, 1978) edo Conan the Barbarian (John Milius, 1982) moduko filmetan aktore moduan aritu zen, azken horretan Arnold Schwarzenegger-ekin batera.

Pelikula honek Lopezen inguruan betidanik egon den misterio kutsua argitzen laguntzen du. Bizitza publiko eskasa izan du eta egin duen ibilbidea ezezaguna da askorentzat. Gaur egun, sasoi betean jarraitzen du, surfaz gozatzeko modu berriak arakatzen.