Web mapa
Hizkuntzak

Argitara atera berri da Nosferatu Bildumako liburu berria, El polar francés 1931-1982. Liburua, sailaren 19. zenbakia, Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak editatua, eta Antonio José Navarrok koordinatua, hurbilketa bat da polar deitutako Frantziako zinema beltzera.

El polar francés 1931-1982
Le Samouraï (1967) © Compagnie Industrielle et Commerciale Cinématographique / Fida Cinematografica / Filmel / T. C. Productions / Diltz / Bridgeman Images / Album

Zinema beltza 1910eko hamarkadaren hasieran sortu zen Frantzian, Louis Feuilladeren sailekin –Fantômas (1913-14), Les Vampires (1914-15)–. XXI. mendean ere denboraldi bakoitzean film ugari ekoizten jarraitzen da herrialde horretan, baina, liburuari ekiteko orduan, generoaren urrezko garaia osatzen duten filmetara mugatzera erabaki da. Antonio José Navarroren hitzetan:

Polar terminoak –policier (poliziakoa) eta noir (beltza) hitzen apokopetik sortuak– bai zineman bai literaturan krimenaren eta polizia-gaien inguruko adierazpide desberdinak hartzen ditu barnean, kultura frantsesaren ikuspegitik betiere. Hala, delituaren eta delinkuentearen antropologia soiletik, Ongiaren eta Gaizkiaren konfrontaziotik haratago doazen adierazpideak dira. Polar filmikoa, izan ere, baliteke izatea historian Europak generoko zinemari egindako ekarpenik handienetakoa, bertan elkar hartzen baitute Europako abangoardiek, Hollywoodeko pelikulek, eta poetika tragiko tremendistak, XIX. mendearen bukaerako Frantziako nobela naturalistan sorburua duenak, marjinazioari, les bas-fonds horiei buruzkoak. Hori guztia irudi metaforiko, liriko eta zeharo errealistek piztutako lilurari lotuta.

Hala, honela definitzen da polar: ideologietan anitza eta estetikan poliedrikoa den zinema. Fenomeno transkultural, transhistoriko eta transgeneriko bat. Bere estilo bisuala –zehaztua baina aldi berean bere autoreen kezketara moldatua– begirada, pentsamendu, emozio bihurtzen da gizartearen eta, batez ere, berau osatzen duten gizabanakoen alde ilunaren inguruan. Genero honetan, polarrean, zinemagile gailenen obrarik onenak aurkituko ditugu, beste askoren artean hauenak: Jacques Becker, Marcel Carné, Pierre Chenal, Claude Chabrol, Alain Corneau, Julien Duvivier, José Giovanni, Jean Grémillon, Jean-Pierre Melville, Jean Renoir eta Henri Verneuil.

Hauek idatzia da liburua: Carlos Aguilar, Tonio L. Alarcón, Ricardo Aldarondo, Quim Casas, Mar Corrales, Roberto Cueto, Roberto Curti, Tomás Fernández Valentí, Pablo Fernández Vegas, Jorge Gorostiza, Eduardo Guillot, Elisa McCausland, Antonio José Navarro, Luis Pérez Ochando, Jesús Palacios, Juan Andrés Pedrero Santos, Àngel Quintana, Aarón Rodríguez eta Diego Salgado.

El polar francés 1931-1982 laster izango da liburu-dendetan eskuragarri (20 €). Tabakalerako zinema-abonua dutenek liburu honen edo joan den urtearen amaieran argitaratutako Katixa Agirreren Zinema festa bat da liburuaren ale bat jasotzeko eskubidea dute.

Liburua Frantziako zinema beltza Nosferaturen zikloari dagokio, aurtengo urtarrilean Tabakaleran hasiera eman zitzaiona eta abendura arte luzatuko dena.

Urtearen bukaeran, zikloaren osagarri, beste liburu bat argitaratuko da euskaraz, Iñigo Marzabalek koordinatua.