Web mapa
Hizkuntzak

Okendo

Kultur Etxea

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2025eko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazleak. Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak lehen saria eman dio Igogailu batean amaitu zen mundua antzezlanari, eta bigarren saria, Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du! antzezlanari.

AmaHiru taldeko kideak

Igogailu batean amaitu zen mundua

Donostiako AmaHiru konpainiak aurkeztutako komedia izan da aurtengo irabazlea. Iñaki Cid antzerkigile eta aktorearen gidaritzapean, Eneritz Sanchez eta Iñigo Elosegi elkartu dira proiektu honen lantaldea osatzeko.

Hona hemen sinopsia: Idoia eta Julen igogailu txiki batean topatzen dira bakoitzak bere aldetik lagun batzuen etxean egindako afari baten ostean. Biek zabor poltsak daramatzate. Ez dute elkar ezagutzen baina beraien bizitza betirako lotuta geratuko da. Bat-batean igogailua geratu eta behera jauziko da. Idoia eta Julen, konortea galdu ondoren, igogailuan esnatuko dira ahots batek hitz egiten diela. Igogailuen enpresako larrialdi zerbitzuetako langilea da, eta berak iragarriko die orain dela 2 ordu munduan hutsegite masibo bat egon dela eta mundua, ezagutzen zuten bezala behintzat, amaitu egin dela.

Adriene Bergson-Johnson edo Euskal kulturak iraultza behar du!

Baionako Itzuli konpainiaren eskutik, Maryse Urruty eta Martin Antxiak idatzi eta zuzendutako bakarrizketa izan da aurtengo finalista. Maryse Urrutyk antzeztuta, Adriene Bergson-Johnson enpresagintza eta garapen pertsonalaren inguruko aholkuak trufatzen dituen fikziozko pertsonaia da. Adrienen pertsonaia pentsamendu neo-liberalaren metafora bihurtuko da, eta bere enpresaburu ikuspegi eta errealitatearen arteko desoreka izango da ikuskizunaren umore iturria.
Adriene 1980ean sortu zen, Austinen, Texasen. Bere “outsider” jarrerari esker, gure buruaz, gure ohiturez edota egoera batzuen zentzugabekeriaz irri egiteko aukera ematen du.

Saria

Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 2.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 2.000 eurokoa. Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Bakoitzak lau emanaldi egingo ditu, eta horien truke, 3.000 euro jasoko ditu proiektu irabazleak, eta 2.500 euro finalistak.

Donostia Kultura da antolatzailea, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzua eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkartearen laguntzaz.