Hizkuntzak
Samira Negrouche eta Juana Salabert "Emakume idazleen mundu bat" topaketetan
Azaroaren 2an eta 3an San Telmo Museoan egingo dira Emakume Idazleen Mundu bat, 34. Nazioarteko Literatura Topaketak. Luisa Etxenikek koordinatzen duen zikloan Samira Negrouche eta Juana Salabert egileek hartuko dute parte. Canal Europarekin batera antolatu du Donostia Kulturak.
Azaroaren 2an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Samira Negrouche idazlearen hitzaldia izango da frantsesez, aldi bereko itzulpenarekin. Luisa Etxenike izango da moderatzailea.
Azaroaren 3an, osteguna, arratsaldeko 19:00etan Juana Salabert idazleak hitzaldia gazteleraz eskainiko du. Slawka Grabowska izango da moderatzailea.
Ekitaldi biak doakoak eta sarrera librekoak izango dira, beti ere eserlekuak bete arte.
Samira Negrouche
Aljerian bizi da Samira Negrouche (Aljer, 1980), frantsesez idazten duen poeta eta idazlea. Hainbat poema-liburu, saiakera labur eta prosazko testuren egilea da. Poeta garaikideak itzuli ditu, batez ere arabieratik eta ingelesetik. Mugen gaien inguruko sentsibilitatea du -fisikoak, linguistikoak eta diziplina artistikoen artekoak- eta musikariekin eta ikusizko artistekin lan egiten du maiz. Haren lana, batez ere Frantzian eta Aljerian argitaratua, hainbat hizkuntzatara itzuli da. Medikuntzako ikasketak egin ondoren eta hainbat urtez jardun ondoren, lanbide hori utzi eta arte sorkuntzari ekin zion.
Juana Salabert
Juana Salabert (Paris, 1962) eleberrigile eta itzultzaile literarioa da, Tolosako Le-Mirail Unibertsitatean lizentziatutakoa.
Eleberri hauek argitaratu ditu: Varadero, Arde lo que será (Nadal sariaren finalista 1996an), Mar de los espejos, Velódromo de invierno (2001eko Biblioteca Breve saria), La noche ciega, El bulevar del miedo (2006ko Fernando Quiñones saria), La faz de la tierra, La regla del oro, Aire nada más kontakizun liburua, Estación central eta La bruja marioneta haurrentzako eleberria. Bere azken eleberria, Atentatua, 2022ko otsailean argitaratu da.