Web mapa
Hizkuntzak

Liburuka proiektuan izena emateko epea irailaren 24an bukatu zen eta harrera oso ona izan du. Zehazki, Irakurle gazteak ekimenean 139 liburu kaxa eskaera jaso da, 110 motxila txikik ekingo diote zirkuituari eta Areto literarioan 12 saio eskainiko dira, aurten "eskapu gelan" izango dena. Guztira, 2024-2025 ikasturtean, Donostiako 28 ikastetxek parte hartuko dute aipatutako programetan. 

Liburuka 2024-2025

Donostia Kulturako Liburutegien eta Donostiako hainbat ikastetxeren parte hartzearekin gauzatuko da eta hiru ekimen burutuko dira, urritik ekainera bitartean.

Motxila Txikia

Motxila txikia egitasmoa Galtzagorri Elkartearekin batera egiten da, Mintzoan kux-kux izeneko egitasmo zabalago baten barnean (lehen Bularretik mintzora). Irakurketa bultzatzeko asmoz, liburutegia, eskola eta familia lotzen dituen programa da, eta Haur Hezkuntzako (3-6 urte) eta Lehen Hezkuntzako 1. eta 2. mailako (6-8 urte) ikasleei zuzenduta dago. Astero ikaskide batek hartuko du motxila txikiaren ardura: gurasoekin liburutegira joango da, Motxila txikia txokotik gustuko duen liburu bat aukeratuko du eta etxean irakurri ondoren, ikastolan landuko du irakaslea eta ikaskideekin; gero, beste ikaskide batek ekingo dio zirkuitu berari.

Irakurle gazteak

Irakurle gazteak egitasmoaren xede nagusia da Donostiako ikastetxeei liburutegietan mailegagarri dauden liburuak eskaintzea. LHko (6-12 urte) eta DBHko 1. zikloko (12-14 urte) ikasleei zuzenduta dago. Liburutegiek proiektu honetarako hautatuak izan diren liburuak mailegatuko dizkiete ikastetxeei, 2 hilabete t'erdiko epean ikasgeletan irakur ditzaten. Hainbat liburu mota (albuma, narratiba, poesia, antzerkia, komikia eta ezagutza liburuak) bidaliko dira, euskaraz zein gaztelaniaz idatziak. Bidalketa kaxa berezi batzuetan egingo da, eta kaxa horiek egokiak izango dira ikasgelan liburutegiko liburuak erakusgarri izateko.

Areto literarioa

Areto literarioak Galtzagorri Elkartearen partaidetzarekin antolatzen dira. 2024rako proposatzen den aretoak Shhhhuuumendia hitzik gabeko liburuen eztanda izena du, eta 2024ko urriaren 1etik 11ra egingo da. 8 eta 12 urte bitarteko ikasleei zuzenduta dago. Areto literario honetan haurrei eta gaztetxoei ibilbide edo abentura literario bat proposatuko zaie, non liburu ezberdinak ezagutzeaz gain, literaturaz gozatu eta literatur konpetentzietan trebatzeko jolasak egingo dituzten.