Web mapa
Hizkuntzak

Liburutegiak

Irailaren 9an abiatuko dira Donostia Kulturako liburutegi eta kultur etxeetan helduentzako antolatzen diren literatur solasaldiak. Beti ere aditu baten gidaritzapean, normalean hilean behin, hainbat doako saio egiten da aipatu tokietan eta baita hiriko beste leku batzuetan ere. Liburu horiek maileguan eska daitezke Donostiako liburutegietan, eta zenbait kasutan liburuak eLiburutegia plataformatik deskargatzeko aukera egon daiteke.

Literatur solasaldiak

Liburutegi Nagusiko San Jeronimo kaleko aretoan lau solasaldi daude: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazkoaren dinamizatzailea Iñigo Aranbarri da, irailaren 10ean izango da lehenengo saioa eta Montserrat Roig-en Gerezi-denbora irakurriko dute. Gaztelerazko lehenengoa, Ylenia Benitok gidatzen duena, irailaren 24an izango da, eta aukeratutako liburua, Volver la vista atrás, Juan Gabriel Vásquez-ena. Ingelesezko tertulia, Slawka Graboskak dinamizatzen du, eta Mieko Kawakami-ren Heaven irakurriko dute. Frantsesezko solasaldia urrian hasiko da. Miren Garmendiak gidatzen du, eta udazkeneko lehenengo liburua Hervé Bazin-en Vipère au poing izango da. Solasaldi hauek guztiak 19:00etan dira hastekoak.

Aiete Kultur Etxean literatura eta zinemaren arteko lotura lantzen dute Lola Arrietarekin. Urriaren 10ean, 18:30ean, Rafael Chirbes-en Crematorio izango dute mintzagai.

Casares-Tomasene (Altza) Kultur Etxean, eta Ana Merinoren eskutik, gaztelerazko tertulia abiatuko da irailaren 18an, 18:00etan. Lehenengo liburua sorpresa izango da, eta, beraz etxekolanik egin gabe ahal da bertaratu, bertan irakurriko baita.

Egia Kultur Etxean, irailaren 25an, Edu Zabalaren gidaritzapean, Oso latza izan da liburuari buruz arituko dira eta Xabier Mendiguren idazlea bertan egongo da. Zientza fikziozko gaztelerazko tertulia, Liss Evermorek dinamizatzen du eta urriaren 2an hasiko da, Hao Jingfang idazlearen Saltonautas liburuarekin.

Amarako Ernest Lluch Kultur Etxean, Javier Minak gidatzen ditu gaztelerazko tertuliak. Urriaren 9an 18:30ean hasiko dira eta La música del azar, Paul Auster-en liburuaren inguruan arituko dira. Euskarazko solasaldiak Ikasbide Kultur Elkartearen egoitzan (Isabel II.a 15 b) egiten dira, Edu Zabalak gidatuta. Irailaren 30ean, 19:00etan abiatuko dira Xabier Mendigurenen Oso latza izan da liburuarekin. Eta Irakurketa errazako taldeak ere badira: gaztelerazkoa, irailaren 26an hasiko da Julio Verneren De la tierra a la luna liburuarekin eta euskarazkoa, urriaren 1ean, Alberto Bargos Cucó Pasionaria liburuarekin. Bi kasutan arratsaldeko 19:00etan.

Martutenen, Etxarriene Auzo Etxean, saio bat egongo da euskaraz udazkenean Juan Luis Zabalak gidatuta. Irailaren 23n, 18:30ean izango da, eta Karmele Jaio idazleak parte hartuko du, bere Maitasun kapitala liburuari buruz hitz egiteko.

Intxaurrondo Kultur Etxean komiki solasaldiak antolatzen dira. Juan Manuel Díaz de Guereñurekin gazteleraz eta Igor Leturiarekin euskaraz. Urriaren 8an izango da lehen saioa, eta Jordan Crane-ren No te vayas landuko da. Bestalde, Plazara Goaz euskara batzordeari esker, azaroaren 14an, Mundu zitalaren kontra Lizar Begoñaren liburuari buruz arituko dira Iratxe Retolazaren gidaritzapean. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Antiguako Lugaritz Kultur Etxean, Aritz Gorrotxategik gidatzen duen euskarazko solasaldiaren denboraldia urrian hasiko da, Unai Elorriagaren Francesco Pasqualeren bosgarren arima liburuarekin.

Groseko Okendo Kultur Etxeko euskarazko saioak urriaren 7an hasiko dira, 18:00etan. Ane Mayozek gidatuko ditu, eta Birgit Vanderbekeren Muskuiluak afaltzeko, izango da jorratuko duten lehenengo liburua. Kontakizun laburren solasaldiak, bere aldetik, irailaren 25ean hasiko dira, eguerdiko 12:00etan, Ana Merinoren gidaritzapean, gazteleraz. Tomasenen bezala, saioko liburua sorpresa izango da.

Haur Liburutegi Nagusian (Fermin Calbeton) ere bi talde egongo dira. Bat helduentzat, haur literaturari buruzkoa, Yolanda Arrietak gidatua eta irailaren 26an hasiko dena. Bestea, 8 urtetik aurrerako haurrentzat, komikien ingurukoa. Kasu honetan Mari Gartziak dinamizatuko du eta irailaren 27an hasiko da. Haur liburutegiko jarduera hauek euskaraz izango dira.

Horiek guztiak solasaldien lehenengo saioak dira. Ondoren, partekatzeko beste proposamen ugari egongo dira kurtsoan zehar eta literatur solasaldiak loturan agertarazten joango gara datozen hilabeteetan.