Hizkuntzak
XXXIV. Bideoaldia: Larrotxene Bideoko ekoizpenak Antzoki Zaharrean ekainaren 24an
Bideoaldiaren 34. edizioa Antzoki Zaharrean egingo da ekainaren 24an arratsaldeko 19:00etan eta sarrera doakoa izango da. Ekitaldirako gonbidapenak Antzoki Zaharreko leihatilan jaso ahalko dira egunean bertan (11:30-13:30 / 17:00-19:00).
Larrotxene Kultur Etxeak, Donostia Kulturako ikus-entzunezko eremuan espezializatutako zentroa den aldetik, ikasturtean zehar egindako lanak Bideoaldian aurkezten ditu urtero. 34 urte dira Larrotxeneko bideo espezializazioa martxan jarri zela Intxaurrondo auzoko Larrotxene Kultur Etxean eta dagoeneko 500 produkzio baino gehiago ekoitzi dira eta ehunka koprodukzioetan parte hartu da.
2021-2022 ikasturtea normaltasunera itzultzearen urtea izan da Larrotxenen.
Ikasturteko produkzioak
Lana emankorra eta sormenez beterikoa izan da eta ikasturtean zehar landu diren hainbat generotako produkzioen aukeraketa ikusteko parada izango dugu:
- Zinema Zuzendaritza ikastaroaren barruan, Pablo Maloren ikasleek Koadro goriari heldu film laburra zuzendu dute.
- Halaber, Andoni de Carlosek irakasten duen Gidoigintza Hastapena ikastaroko ikasleek Plataforma eta Gauero film laburrak zuzendu dituzte.
- Michel Gaztanbidek zuzenduriko Gidoi Aurreratua ikastaroko ikasleen Minus 64 kg. eta Bonita lanak ikusi ahal izango dira.
- Koprodukzio atalean Jone K. eta La Carga film laburrak proiektatuko dira.
Aipagarria da aurtengo ikastaroko lan guztiak euskaraz egin direla. Horren erakusgarri, Bideoaldian izango den gaztelaniazko lan bakarra La carga kopodukzioa da eta gainerako guztiak euskaraz izango dira.
Oihua!
Aurten Oihua! genero fantastikoko gidoien lehiaketaren bigarren edizioa ospatu da. Irabazleak aditu baten tutoretza eta Larrotxene Bideo inguruko baliabide materialak eta giza baliabideak ditu bere obra egiteko. Aurtengo pieza irabazlea, Azken partida, Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astean estreinatuko da.
2021-2022 mailegu zerbitzua
Azken garai hauetan bizi dugun egoera kontuan hartuta, materiala mailegatzeko zerbitzua oso maiz erabili da. 2020-2021 ikasturtean berrogeita hamar mailegu inguru egin dira mota guztietako ikus-entzunezko ekoizpenei laguntzeko, bai ikastaroetatik etorri direnei, bai ekimen partikularrei.
Larrotxenek etorkizunari baikor begiratzen dio hirian eta ikus-entzunezkoen munduan duen erreferentzia izaera sendoa baita. Hala erakusten du urtez urte instalazioak erabiltzen dituzten ikus-entzunezkoen zaleek eta profesionalek osatzen duten komunitate gero eta handiagoak.