Hizkuntzak
Fresk-Uda uztailaren 2tik aurrera Intxaurrondon
Fresk–Uda egitasmoak aurtengoan ere tailerrak eta jolas jarduerak eskainiko dizkie liburutegiko patioan Intxaurrondoko haurrei. Uztailaren 2tik abuztuaren 29ra bitartean luzatuko da, goizeko 11:30etatik 13:00etara, astearte eta ostegunetan (abuztuaren 13an eta 15ean izan ezik, Aste Nagusia delako). 6 urtetik gorako haurrei zuzenduta dago eta sarrera doakoa izango da.
Intxaurrondo Kultur Etxeko liburutegiak zerbitzuaren ohiko eskaintza irakurketaren eta udako aisialdiaren gozamenarekin uztartzeko asmoz abiatu zuen Fresk-Uda ekimena 2022an. 6 eta 12 urte bitarteko haurrei zuzendutako jarduera da, eta modu ludiko eta dibertigarrian hurbiltzen ditu literaturaren mundura, liburuen, abestien, eskulanen, musikaren, dantzaren, antzerkiaren eta mahai-jokoen bidez. Saio bakoitzeko literatura-aukeraketarekin lotuta egongo dira.
Eskulanetarako hainbat teknika erabiliko dira: pintura, collagea, eraikuntza, eta abar. Kamishibai, mahaien txotxongiloak eta beste sorpresa asko izango dira, guztiak haurren sormena pizteko eta, batez ere, parte har dezaten.
Udan Intxaurrondon geratzen diren familien eskura jarri nahi da baliabide hau, oporretan ere haurtzaroan irakurtzeko ohitura sustatzeko. Eguraldiak lagunduko ez balu, jarduera haur liburutegian egingo litzateke.