Web mapa
Hizkuntzak

Larrotxene

Kultur Etxea

Bideoaldiaren 36. edizioa Antzoki Zaharrean egingo da ekainaren 21ean arratsaldeko 19:00etan. Ekitaldirako gonbidapenak leihatilan jaso ahalko dira egunean bertan (17:00-19:00). Azpimarratzekoa ere ekainaren 28an Intxaurrondo Kultur Etxean egingo den Hitz eta Pitch pitching saioa.

Larrotxene Bideo: XXXVI. Bideoaldia

2023-2024 ikasturtea berezia izan da Larrotxene Bideon. Azken urtean egindako berrikuntza lan handiek sorkuntza proiektuak piztu dituzte: laborategia, soinu eta irudi edizio gela berritua, formaziorako aretoa, eta abar. Ondorioz, ikastaro-kopuruak gora egin du, baita material lagapen zerbitzuak ere.

Ekipamendu eta instalazio egokitu eta berrituek, ohiko jarduera eta kalitatea handitu ez ezik, proiektu berriak abian jartzeko aukera ezin hobea eskaini dute. Horrela, adibidez, kontakizun digitalen laborategiak lantalde berria jarri du abian eta animaziozko film labur baten sorkuntzari ekin zaio.

Bideoaldiak Antzoki Zaharrean elkartuko ditu landutako proiektuen lan talde guztiak, lagunak eta, oro har, zinema eta ikus-entzunezkoen jarraitzaileak. Larrotxene Bideoko irakasleek ere ez dute hutsik egingo. Michel Gaztambide, Pablo Malo, Paula Olaz, Oskar Tejedor eta Ander Sagardoy bezalako erreferentziazko zinemagileak izan baitira ikasturtean zehar eskolako irakasle.

2023-24ko produkzioak eta koprodukzioak

Orotara lau produkzio oso eta hiru koprodukzio landu dira ikasturte honetan, eta guztiak ezagutzeko aukera izango da ekainaren 21ean.

Ikastaroetako lau lanak honakoak izango dira:

  • Sunglasses. Itziar Eguigurenek zuzendutako 13 minutuko film laburra.
  • Mi Amigo Julio. Irene Royok zuzendutako 11 minutuko film laburra.
  • El Síndrome de la Página en Blanco. Blanca Zaragüeta eta Josean Gómezek zuzendutako 17 minutuko lana da.
  • Print. Edgar eta Unax Santos anaiek zuzenduriko 3 minutuko lana.

Saioa amaitzeko hiru koprodukzio aurkeztuko dira:

  • Kononi. Mikel S. Galarza eta Cesare Maglionik zuzendutako 17 minutuko film laburra da.
  • Fuego Fatuo. Nahia eta Iulen Arana anai-arrebek sortutako 2 minutuko lana.
  • Prímula. Fabian Bojkovskyk zuzendutako 3 minutuko bideoklipa, Mucalinda taldeari eginikoa.

Hitz eta Pitch

Ikasturteari behin betiko itxiera emateko, ekainaren 28an, 19:00etan Hitz eta Pitch ekitaldia antolatuko da Intxaurrondo Kultur Etxean. Pitching saio honetan, Larrotxene Bideoko ikasle, ikasle ohi eta irakasleek euren etorkizuneko egitasmoak aurkeztuko dituzte, lankidetzen bila.

Saioan parte-hartzeko posta elektroniko bidez eman behar da izena: [email protected].