Web mapa
Hizkuntzak

Larratxo

Kultur Etxea

Hurrengo negurako aurreikustekoak diren zailtasun energetikoak direla eta, Donostia Kulturak zenbait neurri landu ditu egoerari aurrea hartzeko. Ildo horretatik, hainbat hilabetez aritu da lanean, energia aurrezteko beharra eta Donostiako eta inguruetako kultur kontsumitzaileen eskaerei erantzuteko beharra bateratu eta ahalik eta irtenbiderik onena bilatu nahian.

Victoria Eugenia Antzokia

Ezer baino lehen, argi eta garbi utzi behar da Donostia Kulturako espazioak irekita eta berotuta egongo direla neguko hilabete guztietan (hori bai, beti ere graduazioari buruzko araudia betez). Esan bezala, neurri horien barruan egongo dira gure espazio guztiak: DK Liburutegi Sarea, sei espazio eszenikoak (Victoria Eugenia antzokia, Antzoki Zaharra, Gazteszena, Imanol Larzabal, Intxaurrondo eta Larratxo) eta San Telmo Museoa.

Hortaz, kulturarako sarbidea baldintzarik onenetan behin bermatuta, honako neurri hauek hartu dira:

1.- Victoria Eugenia Antzokia: antzoki berdea

Berreskurapen, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana Europar Batasuneko Next Generation funtsekin finantzaturik dago, eta horren harira, Eusko Jaurlaritzak arte eszeniko eta musikalen azpiegiturak modernizatzea eta modu jasangarrian kudeatzea helburu dituen laguntza-lerro bat argitaratu zuen. Victoria Eugenia Antzokia laguntza hori jaso duten zortzi onuradunetako bat izan da (40 proiektu baino gehiago aurkeztu ziren), eta diruz lagundutako zenbatekoa 153.135,46 eurokoa izan da.

Jarduketa-planaren barruan (plan hau guztira 500.000 eurokoa da), eraikinaren ingurumen jasangarritasuna hobetzearekin zerikusia duten esku hartzeak nabarmendu behar dira: girotze sistema eraberritzea, argiak eta aretoko argitasuna erregulatzeko sistema aldatzea, LED teknologia duten eszenatokiko fokuak erostea, eta abar.

Beraz, eraikineko energia-kontsumoan gehien eragiten duten eremuetan esku hartuko da, energia-aurrezpen handia (urtean 40.000 euro baino gehiago) lortuz eta BEG delako isurpenak (Berotegi Efektuko Gasen isurpenak) murriztuz. Lan horiek amaitzean, Victoria Eugenia antzokia Antzoki Berdea izango da.

2.- San Telmo Museoa

Hemen badugu neurri berritzaile bat: urteko 5 hilabeterik hotzenetan bisita-ordutegi berri bat ezarriko da, azaroaren 1etik aurrera. Beraz, azarotik martxora, museoko erakusketa-guneak 19:00etan itxiko dira; gainerako zazpi hilabeteetan, berriz, ohiko itxiera-ordutegia berreskuratuko da (20:00etan). Museoko jarduerei dagokienez, hau da, hitzaldiei, tailerrei, bisitaldiei, eta abarrei dagokienez, egungo ordutegiari eutsiko zaio inongo aldaketarik gabe.

Etorkizunean ordutegi horri eustea da asmoa.

3.- Ikuskizunen ordutegi berria

Pandemia-garaian ikuskizunen hasiera-ordua aurreratzea erabaki zen, kultur eskaintza herritarren ohitura berrietara egokitzeko asmoz. Orain joera hori finkatu egin da; izan ere, ordutegi berria dela eta, irizpide nagusi gisa, musika, antzerki, dantza eta zine emanaldiak 19:30etan izango dira (igandeetan izan ezik, kasu horretan 19:00etan izango baitira). Neurri hau urtarrilaren 1etik aurrera sartuko da indarrean.

4.- Donostia Kulturaren programazioan, kudeaketan eta komunikazioan teknologia berriak eta gaur egungo irtenbide digitalak bultzatzea.

5.- Halaber, kultura-sektorerako unean-unean indarrean dauden energia aurrezteko neurriak hartuko direla esan beharrik ez dago. Horren adibide bat 19 graduko tenperaturaren kontrola da, Donostia Kulturako gune guztietan errespetatuko baita.