Web mapa
Bazkideen menua

Donostia Kultura txartela

Abantailak ikusi

Hizkuntzak

Intxaurrondo

Kultur Etxea

Irailean 12an abiatuko dira Donostia Kulturako liburutegi eta kultur etxeetan helduentzako antolatzen diren literatur solasaldiak. Hilero hainbat doako saio egiten da Liburutegi Nagusian eta Aiete, Egia, Ernest Lluch (Amara), Intxaurrondo, Lugaritz (Antigua), Okendo (Gros) eta Tomasene (Altza) kultur etxeetako liburutegietan. Xedea irakurketa proposamenak egin eta ondoren partekatzea da. Liburu horiek maileguan eska daitezke Donostiako liburutegietan, eta zenbait kasutan liburuak eLiburutegia plataformatik deskargatzeko aukera egon daiteke.

Eider Rodriguezen Eraikuntzarako materiala liburuaren azalaren zati bat

Liburutegi Nagusiko San Jeronimoko aretoan lau solasaldi daude: euskaraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez. Euskarazkoaren dinamizatzailea Iñigo Aranbarri da, irailaren 13an izango da lehenengo saioa eta Anton Txekhoven 31 ipuin irakurriko dute. Gaztelerazko lehenengoa, Amaia Garciak gidatzen duena, irailaren 27an izango da, eta aukeratutako liburua, Las gratitudes, Delphine de Viganena. Ingelesezko tertulia, Slawka Graboskak dinamizatzen du, eta Celeste NGren Little fires everywhere izango dute hizpide. Frantsesezko solasaldia urrian hasiko da. Miren Garmendiak gidatzen du, eta udazkeneko lehenengo liburua Leïla Slimaniren Le pays des autres izango da. Solasaldi hauek guztiak 19:00etan izaten dira.

Aiete Kultur Etxean literatura eta zinema lantzen dute Lola Arrietarekin. Urriaren 6an, 18:30etan, Pier Paolo Pasoliniren Chavales del arroyo izango dute mintzagai.

Casares-Tomasene (Altza) Kultur Etxean, eta Ana Merinoren eskutik, gaztelerazko tertulia abiatuko da irailaren 28an, 18:00etan. Lehenengo liburua sorpresa izango da, eta, beraz etxekolanik egin gabe ahal da bertaratu, bertan irakurriko da.

Egia Kultur Etxean, Zientza fikziozko gaztelerazko tertulia urriaren 5ean hasiko da, arratsaldeko 19:00etan, Luis Mari de Juan Irastorza ordiziarraren Nacimiento liburuarekin. Solasaldia Juan Luis Diazek gidatuko du.

Ernest Lluch (Amara) Kultur Etxean, Javier Minak gidatzen ditu gaztelerazko tertuliak. Urriaren 5ean, 18:30ean, izango da lehenengoa: John le Carré idazlearen El peregrino secreto. Euskarazko solasaldiak Ikasbide Kultur Elkartearen ekimenez (Isabel II kalea15 b) gauzatzen dira, 19:00etan, Edu Zabalak dinamizatuta, Joseba Sarrionandia idazlearen Lagun izoztua liburuaren inguruan arituko dira, urriaren 3an.

Intxaurrondo Kultur Etxean komiki solasaldiak antolatzen dira. Juan Manuel Díaz de Guereñurekin gazteleraz eta Igor Leturiarekin euskaraz. Urriaren 18an izango da lehen saioa, eta David Muñozen Infectado landuko da. Bestalde, Plazara goaz euskara batzordeari esker, azaroaren 10ean, Narrazioak, Joseba Sarrionandiaren liburuari buruz arituko dira Iratxe Retolazarekin. Saio guztiak 19:00etan hasiko dira.

Lugaritz Kultur Etxean Maite Gonzalez Esnalek zuzentzen ditu saioak, 17:00etan, euskaraz. Lehenengo hitzordua urriaren 17an izango da eta Eraikuntzarako materiala, Eider Rodriguezen liburua, landuko dute.

Groseko Okendo Kultur Etxeko euskarazko saioak urriaren 3an hasiko dira, 18:00etan. Ane Mayozek gidatuko ditu, eta Maddi Ane Txoperenaren Ene baitan bizi da izango da lehenengo liburua. Kontakizun laburren solasaldiak, bere aldetik, irailaren 28an, 12:00etan hasiko dira, Ana Merino gidaritzapean, eta liburu sorpresa bat izango da lehenengo saioan aztertuko dena.

Horiek guztiak solasaldien lehenengo saioak dira. Ondoren, partekatzeko beste proposamen ugari egongo dira kurtso osoan zehar.