Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Abdullah Ibrahim Trio

Jazzaren historia bizia da Abdullah Ibrahim, Hego Afrikako musikarien belaunaldi bikain baten ikur eta estandarte. 70 urtetik gorako bere ibilbide luzean, jeinu hegoafrikar hau bost aldiz aritua da Jazzaldian —oroimenean dute gordeta kontzertu haietaz gozatu ahal izan zutenek— eta, oraindik ere, urteen joanean, magiaz betetako emanaldiak eskaintzen jarraitzen du.

Abdullah Ibrahim, 1934an Lurmutur Hirian jaio zenean, Adolph Johannes Brand izena jarri zioten. Bere amonak pianoa jotzen zuen amak abesbatza zuzentzen zuen eliza berean, eta horrela, musikaz inguratutako familia batean, 7 urte zituela, pianoa ikasten hasi zen. Hainbat estilotako musika entzuten hazi zen: erlijiosoa eta klasikoa; sustrai tradizionalekoa, besteak beste Jazzaren eraginak jaso dituen mbaqanga eta marabia; eta atzerritik, Jazz iparramerikarra, besteren artean. Sekularraren eta erlijiosoaren, tradizionalaren eta modernoaren, tokikoaren eta atzerrikoaren nahaste horretatik abiatuta garatu zituen bere estiloa, bere harmoniak eta bere hiztegi musikala, eta horrek guztiak eraman zuen artista berdingabe bat izatera, soinu pertsonal eta imitaezin baten jabe.

Musikari profesional gisa izan zituen hastapenetan, oraindik Dollar Brand izen artistikoa zuenean, Hego Afrikan, besteak beste Hugh Masekela eta Kippi Moeketsi musikariekin kolaboratu zuen, eta haiekin grabatu zuen osorik musikari hegoafrikarrek egindako aurreneko Jazz diskoa: Jazz Epistle Verse One (1960).

Nazioartean eman zituen lehenengo pausoak Duke Ellingtonek gidatutakoak izan ziren; izan ere, hark babestu zuen Duke Ellington Presents The Dollar Brand Trio (1963) diskoa. Lau urte geroago, bost kontzertutan ordezkatu zuen maisua zuzendaritzan, Duke Ellington Orchestraren aurrean.

1960ko hamarkadan erresistentziaren sinbolo bilakatu zen Jazza, eta musika subertsibotzat eta arriskutsutzat hartzen zuen apartheidak. Arrazoi horregatik, Hego Afrikan egindako egonaldi labur batzuk izan ezik, erbestean bizitzera behartuta egon zen Ibrahim, lehenik Europan, eta handik gutxira New Yorken; hala, bertan bizi zen, 1990eko urteen hasieran, Nelson Mandelaren askapenaren ondoren, apartheida abolitu zuten arte.

Abdullah Ibrahimen ibilbidea, bai taldean bai bakarka, txalotua izan da mundu osoan zehar. Urteetan ezin konta ahala proiektu garatu ditu, baita esperientzia ugari bizi ere: kide izan da New Yorkeko Jazzaren abangoardian, Max Roach, Ornette Coleman, Don Cherry, Elvin Jones, John Coltrane, Pharoah Sanders, Cecil Taylor eta Archie Sheppekin batera; birak egin ditu mundu osoan zehar; musikari gailen ugarirekin jo du; soinu-bandak konposatu ditu; orkestra klasikoekin kolaboratu du Europan; dozenaka disko argitaratu ditu; hainbat dokumentalen protagonista izan da; sari eta aintzatespen ugari jaso ditu; irakaslea izan da... Eta urte horietan guztietan, ez zituen ez galdu, ezta erbestealdian ere, bere lotura kulturalak Hego Afrikarekin. Hala, bere musika gurtu egin ohi zen Johannesburgoko eta Lurmutur Hiriko beltzen auzo pobreetan, eta bere pieza, Mannenberg izenekoa, anti-apartheid mugimenduaren aurkako himno ez ofizial bihurtu zen.

Nubya Garcia

Bere aurreneko EPa, Nubya’s 5ive (2017) kaleratu eta urte gutxi batzuk geroago, eta Source (2020) bere disko arrakastatsu eta txalotuaren ondoren, Nubya Garcia saxofonista eta konpositore londrestarra izar distiratsuenetako bat da dagoeneko Jazz garaikidean, eta artista gailenetako bat Londresko bizitasun handiko Jazz eszena berrian.

Guayanakoa ama eta Trinitatekoa aita, Nubya Garcia Camdenen jaio zen, musikaz inguratutako familia batean. Biolina jotzen hasi zen 5 urte zituenean, eta 10 urterekin ekin zion saxoari. Nikki Yeoh pianistarekin ikasi zuen Camden Music-en, gero Gary Crosbyren Tomorrow's Warriors kolektibora elkartu zen, eta Trinity Laban Conservatoire of Music and Dancen osatu zuen bere prestakuntza.

Bakarka egin dituen lanez gain, kide oso aktiboa da Londresko musikaren eta Jazzaren komunitate zabalean; sarritan parte hartzen du bertan kolaborazioak eta trukeak egiten. Hala, Jazz eszena britainiar berrian diren musikari gailenetako askorekin lan egin du: Shabaka Hutchings, Nérija, Makaya McCraven, Moses Boyd, Sons of Kemet, The Comet is Coming, Theon Cross, Ezra Collective, Yazz Ahmed, Blue Lab Beats, Kokoroko, Maisha...

Garciak konposatu eta bere saxo tenorrarekin interpretatzen duen musika Jazz garaikidearen abangoardiatzat har daiteke, Jazza da, eta oraingoa da… baina saxo bikain honek egiten duena ulertzeko, egungo eszenaren eraginaz ez ezik, bere sustraiek, bere komunitateak, eta haurtzarotik bere familian, mestizajez eta kulturaniztasunez blaitutako auzo eta hiri batean entzun duen musika guztiak —Jazz, soul, afrobeat, cumbia, funk, dubstep, reggae, afrocubana, calypso…— beretzat duten garrantziaz ere hitz egin behar da.

Bere konposizioak aldi berean dira omenaldi bat eta berrasmakuntza bat, tradizioa eta modernitatea; sakonak, ausartak, bizitasun handikoak, heterogeneoak, ia espiritualak eta itxaropenez beteak. Lehena oso kontuan hartuta, Jazzaren oraina eta geroa den artista bat da Nubya Garcia.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...