Web mapa
Hizkuntzak

Ernest Lluch

Kultur Etxea

Zientziaren bide berriak solasaldi-zikloaren baitan antolatua, hitzaldia urriaren 25ko 19:00etan izango da Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Aitzol_nanoneuro

Hitzaldi honetan, Aitzol Garcia-Etxarri, DIPCko ikertzailearen eskutik, nanozientziaz pixka bat hitz egingo da, neurozientziaz apurtxo bat, eta neuro-teknologiek erritmo bizian dakarkiguten etorkizunari buruz dezente.

Neuro-teknologiak garuneko jarduera irakurtzeko eta manipulatzeko gai diren metodoak dira, bai animaliengan, bai gizakiengan. Oso urte gutxitan, horien bitartez, zientziak mugarri sinestezinak lortu ditu, hala nola ELA oso aurreratua zuen paziente bat inkomunikaziotik ateratzea, edo itsutasun mota jakin bat duten pazienteei ikusmenaren zati bat itzultzea. Baina gaur egun, terapia horiek (esperimentalak oraindik ere) aplikatzeko, pazienteei kirurgia agresiboak egin behar zaizkie, eta idealena izango litzateke, gauza bera lortu ahal izatea modu ez-inbaditzailean.

Gaur egun, mundu mailan ekimen asko daude helburu horiek lortu nahirik. Horien artean esaterako, Euskadin, 2020. urtearen inguruan, abian jarri zen “nanoneuro” ekimena, Euskadin dauden nanoteknologien ezagutza guztia erabili nahi duena, neurona-jarduera ahalik eta modu inbaditzaile txikienean irakurtzeko eta aldatzeko gai izango diren neuro-teknologiak garatzeko. Aitzolek neuro-teknologien oinarriak zeintzuk diren eta horiek garatzeko erabili nahi ditugun nanopartikulen funtzionamendua zein den azalduko digu. Era berean, neuroeskubideez ere hitz egingo du hitzaldian, teknologia horiek har ditzaketen ondorio negatiboetatik babesteko giza eskubideen deklarazio unibertsalari gehitu nahi zaizkion 5 eskubide berriez.

Aitzol Garcia-Etxarri, telekomunikazio ingeniaria eta fisikan doktorea, nanoneuro proiektuaren ko-liderra da egun. Proiektu horrek nano partikulak erabili nahi ditu izaki bizidunen jarduera neuronala modu seguru eta ez-inbaditzailean erregistratu eta induzitzeko. Horretaz gai,  dibulgatzaile zientifikoa ere bada. Besteak beste, Euskadi Irratiko Baipasa saioko kolaboratzailea da, eta JotDown magazine bezalako kultur argitalpenetan ere parte hartzen du aldizka.