Web mapa
Hizkuntzak

Ernest Lluch

Kultur Etxea

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako solasaldi-zikloaren hiru saio gehiago egingo dira:  martxoaren 14an, apirilaren 18an eta maiatzaren 16an. Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Emakume zientzialarien argitan: 2023ko udaberriko kartela

Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Cortés Etxabe, Marian Iriarte Ormazabal eta Aiora Zabala Aizpuru.

Besteak beste, zerk bultzatzen ditu ikertzera, zein galderari erantzun nahi diote, zerk harritu ditu gehien eta zer zailtasunei egin behar diete aurre azalduko dute, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzailearen galderei erantzunez. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.

Lehenengo solasaldia martxoaren 14an izango da. Itziar Cortés Etxabe izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Itziar Cortés Etxabe: hizkuntzak aro digitalean.

Marian Iriarte Ormazabal izango da bigarren elkarrizketatua. Polimeroak izango ditu hizpide, eta solasaldia apirilaren18an egingo da: Marian Iriarte Ormazabal: kimika, egunerokoan.

Azken solasaldia Aiora Zabala Aizpururekin egingo da, maiatzaren 16an. Aiora Zabala Aizpuru: natura gure esku izenburua izango du.

Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.