Web mapa
Hizkuntzak

Egia

Kultur Etxea

Donostia Kulturak Glad is the Day jaialdiaren seigarren edizioa antolatu du abuztuaren 28an. Hileko azken igandean Cristina Enea parkea musikaz beteko da berriro. Bi urtez antolatu ezinik egon ondoren, hiriko jaialdirik bereziena itzuliko da. Egia Kultur Etxeak, Dabadabak eta Le Bukowskik koordinatuta, aurtengo edizioan Keler garagardoaren babesa eta Kutxa Kultur eta Tabakaleraren laguntza izango du.

2019ko Glad Is The Day jaialdiko irudi bat. Argazkilaria: Josu de la Calle
Josu de la Calle

Musika programa

Abuztuaren 28an eta doako sarrerarekin, besteak beste, 16 banda eta artistak hartuko dute parte musika maratoi honetan. Kontzertuak, DJen saioak, piknik-ak, azoka bat eta haurrentzako jarduerak izango dira 11:30ean hasi eta 20:30ean amaituko den musika jardunaldiaren egitarauan.

Jaialdiak aperitifa izango du bezperan, abuztuaren 27an, Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroaren plazan izango den Musikagela zerbitzutik antolatutako emanaldi batekin.

Glad is the Dayk musika aniztasuna maite du eta Cristina Enea lorategia hainbat jatorriko talde eta artistez beteko da.

Agertoki Nagusitik igaroko diren bandak 8 dira eta eskaintza koloretsua bezain jostagarria da osatzen dute: Goxua´n Salsa, Lukiek, Queralt Lahoz, Adiós Amores, Lie Detectors, 33EWE, Lurrin eta Teko Maisin.

Banda horiez gain, hip-hopari eta soinu urbanoei lotutako 8 emanaldik dantzan jarriko dute Hondamen Sonikoa: Ben Yart, Hofe x 4:40, Topanga Kiddo, La Mia Mari, Juicy Bae, Umami, Ttrraaccaa eta MBODJ & Baba Sy izango dira gazteenak liluratzen dituzten soinu globalen ordezkariak.

Gaua iristean eta asteburua luzatu nahi dutenentzat, Le Bukowski eta Dabadaban DJ gehiago egongo dira abesti onenak aukeratzen.

Azoka Dabadabaren bidez kudeatuko da eta hainbat denda bilduko dituzten 50 postu izango ditu. Hala nola, vintage dendak edo tokiko talentuen sorkuntzak, besteak beste, Kutxa Kultur Modako Ural, Akukuna eta Oksanarenak.

Natura eta hiria

Donostia hiri pribilegiatua da, eta itsasoari begira bizi den arren, baditu ere lorategi bikainak. Lorategi horiek kultur aisialdirako lekutzat duten papera aldarrikatzen du Glad is the Dayk, eta musika, gastronomia eta natura elkartzea bezalako praktika europarraz gozatzera gonbidatzen gaitu. Donostian, musika kontzertu-aretoetan eta aire zabalean entzun ahal izan behar da, baina ez soilik plaza eta kaleetan, baita berdeguneetan ere, eta are gehiago udan.

Jaialdia - izenaren hitz-jokoan Gladys del Estal militante ekologista omentzen duena- donostiar askoren parke gogokoena denaz ahalik eta errespetu eta adeitasun handienaz gozatzeko sortu zen. Helburua beti izan da parkea jaialdiaren protagonista bihurtzea, eta ez alderantziz.

Ekitaldiaren hurrengo egunean lorategia gozatzeko baldintza egokietan irekitzea da konpromisoa. Horrela, eragina minimizatzeko eta iraunkortasunaren alde, besteak beste, egiturak muntatzea ezinbestekora mugatzen du erakundeak, eta edariaren eta janariaren salmenta ontzi berrerabilgarrietan edo birziklagarrietan egiten da. Era berean, egunean zehar paperontziak eta edukiontziak eten gabe aldatzen eta kentzen dira, hondakinak pilatu ez daitezen.

Ospakizuna belaunaldi artekoa eta askotarikoa izateak, lorategearen edertasunarekin batera, errazagoa egiten du jardunaldiaz gozatzeko behar diren garbitasun- eta bizikidetza-balioak transmititzea.