Web mapa
Hizkuntzak

Ekainaren 4tik 8ra Real Sociedad Fundazioak Donostia Kulturaren laguntzarekin antolatutako Korner jaialdiak kultura eta futbola elkartuko ditu beste behin. Hainbat gunetan gauzatuko da (Anoeta Estadioa, Tabakalera, Chillida-Leku), eta baita Donostia Kulturako hiru espaziotan ere: Ernest Lluch Kultur Etxea, Antzoki Zaharra eta Victoria Eugenia Cluba.

2024ko Korner jaialdia

Futbolak hainbat arte eta kultura diziplinarekin dituen harremanak arakatzen ditu Kornerrek, eta solasaldiak, proposamen eszenikoak, eta erakusketak izango dira, baita jarduera ludikoak ere, zazpigarren jaialdi honetan.

Honako programazioa izango da Donostia Kulturaren aipatu hiru guneetan:

  • Ekainaren 4an, Enric González kazetaria elkarrizketatuko du Ylenia Benitok Victoria Eugenia Club aretoan: Visiones del fútbol. Ekitaldia 19:00etan hasiko da.
  • Ekainaren 5ean, hiruko mahaia osatuko da Victoria Eugenia Cluben ere: Markel Alberdi igerilaria, Carla Suárez tenista eta Aihen Muñoz futbolaria burua eliterako nola prestatu izango dute hizpide. Uxue Otxoa arituko da moderatzaile lanetan (Des)Equilibrio en la cima jardueran. 19:00etan hasiko da.
  • Hilaren 6an, Chillidari buruzko erakusketa bat zabalduko da Ernest Lluch Kultur Etxean. Bisita gidatu baten ondoren, Mikel Chillida, Chillida-Lekuko garapen zuzendaria, Joxean Muñoz, Eusko Jaurlaritzako Kultur Saileko aholkularia, eta Juan Tallón idazlea arituko dira solasean (El artista que fue portero). Erakusketa uztailaren 27ra arte egongo da ikusgai, goiz eta arratsaldez, astelehenetik larunbatera.
  • Amaitzeko, Antzoki Zaharrean euskarazko bakarrizketak izango dira ekainaren 7an: Monologolak izeneko saioa prestatu dute Jon Plazaola, Kepa Errasti eta Getari Etxegaraik. Emanaldia 19:30ean hasiko da eta sarrerak salgai daude Monologolak loturan adierazi bezala Donostia Kulturaren ohiko kanaletan.

Jaialdiari buruzko informazio guztia lotura honetan duzue: Korner Kultura & Futbol Festibala.