Web mapa
Hizkuntzak

Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak sortutako Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi antzezlanak lortu du Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Donostia Kulturak antolaturiko XXIII. Donostia Antzerki Saria. 

XXIII. Donostia Antzerki Saria: irudia

Epaimahaiak balio handia eman dio sorkuntza propioa izateari eta, batez ere, antzezleek beraiek bideratutako sorkuntza prozesua izateari: “Testua sortu, eta testuaren taularatzea zuzendu eta antzeztu pertsona berberek egiten dute eta testua idaztera eraman dituzten galderek, eztabaidek eta hausnarketek indar handia hartzen dute taula gainean”. Emaitza bikaina lortu dute epaimahaiaren ustez eta hizkuntzaren aldetik ere, kalitate handiko lana dela azpimarratu du epaimahaiak.

Antzezleen lana ere goraipatu du epaimahaiak, antzezleek indarrez, umoretsu eta irudimenez beterik taularatu dute lana eta edozein ideia eszeniko taula gainean gauzatu daitekeela erakutsi dute. 

Kamikaz Kolektiboak eta Ttak Teatroak 12.000 euro eta Ramon Zuriarrain-en artelana jasoko dituzte sari gisa. Saria emateko ekitaldia martxoaren 27an izango da, Antzerkiaren Nazioarteko Egunean, 19:30ean, Victoria Eugenia Antzokian. Ekitaldiaren hasieran saria eman eta gero lan irabazlea eskainiko da.

Gonbidapenak martxoaren 26an egongo dira eskuragarri Victoria Eugenia Antzokiko leihatilan, goizeko 11:30etik aurrera.