Web mapa
Hizkuntzak

Bihar, apirilak 29, Dantzaren Nazioarteko Eguna ospatuko da. Antzerkiaren Institutu Nazionaleko (ITI) Dantza Batzordeak Jean-Georges Noverre (1727-1810) ballet modernoaren sortzailearen urtebetetzea ospatzeko sortu zuen 1982an.  Dantzaren Nazioarteko Egunaren helburua dantza ospatzea da, arte mota horren unibertsaltasunaz gozatzea, oztopo politiko, kultural eta etniko guztiak zeharkatzea eta, pertsonak amankomuneko hizkuntza baten bidez elkartzea.

Yang Liping, mezuaren egilea
©yangliping.com

Yang Liping dantzari eta koreografo txinatarra da aurtengo mezuaren egilea.

Dantza – Munduarekin komunikatzeko bide bat.

"Gorputz hizkuntza da gizateriak duen komunikazio-modurik senezkoena. Jaioberriak garenean, eskuak eta oinak erabiltzen ditugu dantzaren antzeko keinuak egiteko, baita hitz bat esaten ikasi aurretik ere. Orduantxe sortzen da dantza, "hizkuntza primitibo" horretatik.

Gauza askok bultzatzen dute jendea dantza egitera. Nire jaioterrian, amonak behin esan zidan dantza zela eguzkiari eskerrak emateko modu bat, gure bizitzetara beroa eta argia ekartzeagatik. Uzta ona dagoenean, bihotz alaiz egiten dugu dantza soroetan, Lurrari geure esker ona adierazteko. Maite dugun norbait ezagutzen dugunean, bere luma zabaltzen duen paumaren moduan egiten dugu dantza, haren maitasuna irabazi nahian. Gaixotzen garenean ere, dantza-erritual misteriotsuetara jo dezakegu, gaitza eragin duten deabruak uxatzeko. Nire munduan, dantza gure bizitzan eta existentzian sakon bilbatuz doa haurrak garenetik. Dantza beti izan da gizakiak naturarekin eta gainerako izaki bizidunekin komunikatzeko giltza. Nire jaioterrian badago esaera bat: "Hankak badituzu baina ezin baduzu dantza egin, alferrik galdu duzu bizitza".

Niri dagokidanez, dantza bizitza eta natura bera da: bien ala bien benetako esentzia da. Pertsona batzuk mundu honetara datoz seme-alabak ugaltzera, beste batzuk bizitzaz gozatzera, beste batzuk esperientziak bilatzera. Nire kasuan, bizitzaren begiralea naiz; lore bat nola loratzen eta nola zimeltzen den, hodeiek nola flotatzen duten eta ihintza nola kondentsatzen den ikustera nator... Beraz, nire inspirazio sortzaile guztia bizitzatik eta naturatik dator: Ilargiak igortzen digun distira, paumaren luma-erakustaldia, beldarra tximeleta bihurtzen duen metamorfosia, sorgin orratzak ur azala urratzen duen modua, beldarrak bihurrikatzeko duen modua, inurriek ilara bat osatzeko duten modua...

Duela urte asko eszenatokira igo eta nire lehen koreografia dantzatu nuen, El alma del Pavo Real (Paumaren arima). Pauma Ekialdeko Munduan sakrosantutasuna sinbolizatzen duen eta edertasuna irudikatzen duen izakia da, haren itxurak fenix hegaztiarenaren antza baitu, herensugearen antzeko jarrera haragitua erakutsiz.

Gizateriaren dantza-kulturan ezaugarri eta puntu komun ugari aurkitzen ditugu. Naturari, bizitzari eta inguruan ditugun izaki bizidun guztiei behatuz antzematen dugu dantzaren muina. Nire herrialdeak ere dantza-kultura oparoa du eta suhartasunez bultzatzen du, herentzia bat izango balitz bezala. Dantza primitiboetako batzuk taularatu ditut, hala nola Yunnan Impression, Tibetan Riddle, Pingtan Impression eta beste asko, eta haietan guztietan jendea harri eta zur geratu zen, dantza horien edertasun liluragarriagatik eta kulturalki zuten esanahiagatik. Arbasoengandik jaso ditugu haiek guztiak, eta horrek esan nahi du gure partez ahalegina egin behar dugula dantza horiek ez galtzeko eta mundu guztiari erakusteko.

Hainbat hamarkadatan, dantzari gisa, dantzaren erresuma mugagabea aztertzen jarraitu dut eta lan esperimental garaikideen sorkuntzan parte hartzeko gonbita ere jaso dut, besteak beste, Under Siege – Agur nire ohaideari historia osoa eta Rite of Spring.

Nire artea nire jaioterriaren izaeran, nire esperientzia pertsonalean eta Ekialdeko zibilizazio sakonean oinarriturik dago, zeina munduko zibilizaziozaren zati integrala baita, zibilizazioa aniztasunaz, aberastasunaz eta, batez ere, inspirazioaz hornitzen duen heinean. "Naturatik" eta "Gizakiaren eta unibertsoaren arteko batasunetik" ikastea ekialdeko filosofia, jakinduria eta estetikaren funtsezko osagaia da. Doktrina hauek nire artearen muin espirituala ere badira. Gizaki gisa izadia errespetatu, naturatik ikasi eta naturarekin harmonizatu behar dugu, lurrak, mendiek eta zeruak egiten duten bezala. Dantzariek eta koreografoek arreta handiagoz entzun behar dituzte munduko pozak eta tristurak, eta dantza erabili behar dute milaka urtetan naturarekin eta bizitzarekin izan dugun elkarrizketa osatzeko.

Gaur gure dantza-kultura partekatzen jarraituko dut eta dantza maite duten eta dantzaren bidez emozioak adierazten dituzten munduko dantzari guztiak gonbidatu nahi ditut elkarrekin dantza egitera, zeruari eta lurrari dizkiegun maitasuna eta miresmena transmititzeko

Bizitza ez da inoiz amaitzen eta dantza ez da inoiz eteten".

(Euskarazko itzulpena: Traductores e Intérpretes S.A.)