Web mapa
Hizkuntzak

Irekiera berezi honekin, datorren larunbatean, uztailak 20, museora gauez eta dohainik etortzeko aukera izango da. Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970 erakusketarekin batera, zabalik egongo dira klaustroa eta eliza ere.

Aurreko San Telmo Gauaren edizio bateko irudia.
Argazkia: Oskar Moreno

Duela hamar urte izan zen aurrenekoz museoa gauez ezagutzeko aukera. Lehenengo hartan, Museoen Nazioarteko Egunaren harira egin zen gaueko irekiera berezia. Laster hartu zuen San Telmo Gaua izena eta horrela ospatzen jarraitu dugu urtez urte.

Aurreko edizioetan bezala, 20:30tik 24:00ra izango da museoa doan eta ezohiko moduan bisitatzeko aukera, gauez, musikarekin girotuta eta taberna zerbitzuarekin. Aurten, gainera, Badok.eus -ek berariaz prestatutako musika zerrenda izango da gaua girotuko duena. BADOK euskal kantagintzaren ataria 2009 urtean sortu zuen Berriak eta egun, eraberriturik, euskal kantagintzaren ondarearen transmisiorako lanabes bilakatu da.

Aldi baterako erakusketak ezohiko eran bisitatzeko aukera emateko asmoz sortu zen jarduera berezi hau eta hasierako funtsari eutsita, aurten, Elkarrizketa bat: Chillida eta arteak. 1950-1970 bisitatzeko aukera izango da. Eduardo Chillidaren jaiotzaren 100. urteurrenaren harira antolatutako erakusketa honek lehen mailako artista askoren lanak biltzen ditu.