Web mapa
Hizkuntzak

2023an seigarren urtez egingo da HAU Euskal Herriko Objektu Tradizionalen Diseinu Lehiaketa. Lehiaketa honen helburua euskal kulturaren objektu tradizional bat berritzea da eta edizio honetan sehaska izango da. Deialdia zabaldu berri da eta proiektuak aurkezteko epea 2023ko apirilaren 18 arte egongo da irekita, egun hori barne.

Hau diseinu lehiaketarako sehaska

Aurten lehiaketa Bitamine Faktoriak eta San Telmo Museoak antolatu dute Aranzadi Zientzia Elkartearen, Mondragon Unibertsitatearen, EIDE (Euskadiko eta Nafarroako diseinatzaile industrialak, grafikoak eta espazioetakoak biltzen dituen elkarte profesionala) eta Muebles Lufe enpresaren laguntzarekin.

Sehaska haurrentzako ohe txikia da. Kaxoi luzearen itxura izaten du, eta muturretan, behealdean, bi pieza kurbatu izaten ditu, erraz kulunkatu ahal izateko. Sehaska tradizionalak zur nobleez eginak izaten dira, eta, zenbait kasutan, gaztainondozko edo zumezko saskigintzaz eginak. Batzuk, buru parean teilatutxoa dute haurra aire-korronteetatik babesteko; beste batzuk, haurra eltxoetatik babesteko oihala zintzilikatzeko masta txikia daramate.

San Telmo Museoaren bilduman hainbat egurrezko sehaska daude, eta erakusketa iraunkorrean aurki daiteke horietako bat, baserriaren espazioan.

Saria eta hautatutako diseinuak

Lehiaketako irabazleak 1.000 euroko saria jasoko du. Irabazleaz gain, lehiaketan parte hartutako lan nabarmenak, San Telmo Museoan egingo den erakusketa batean ikusgai egongo dira 2023ko maiatzaren bukaeratik irailaren bukaera arte. Halaber, erakusketarako hautatzen diren diseinuen egileak Muebles LUFEren instalazioak bisitatzeko aukera izango dute.