Web mapa
Hizkuntzak

Azken urtebetean, ia 6.000 lan berri igo dira plataformara. Gehienak museoaren argazki-funtsarekin lotutakoak dira; zehazki, Antton Elizegiren eta Koch familiarenarekin.

Emsime handia

San Telmo Museoaren bildumaren zati bat interneten kontsulta daiteke, EMSIME plataformaren bidez. Euskal Herriko museoen kultura-ondasunei buruzko informazioa eta irudiak biltzen dituen dokumentuak kudeatzeko sistema da EMSIME, Eusko Jaurlaritzarena.

Gaur egun, katalogo honek San Telmo Museoaren bildumako 8.176 piezaren fitxak biltzen ditu, eta 5.917 erregistro berri igo dira azken urtebetean. EMSIME plataformara igotako pieza berriak museoaren irudi-funtsarekin lotuta daude, batez ere Antton Elizegi eta Koch Bengoetxearen funtsekin.

2019an, Antton Elizegi Beloki argazkilariak (Lasarte-Oria, 1938) bere argazki-artxiboa dohaintzan eman zion San Telmo Museoari: diapositiba, negatibo eta paperezko argazkien artean, 45.000tik gora irudiz osatua. Esperimentazio artistikoa, arkitektura, etnografia eta beste hainbat gai jasotzen ditu Elizegik bere argazkietan. Dohaintza garrantzitsua da, batetik, museoak ondarearen kontserbazioan eta hedapenean egiten duen lana indartzen duelako eta, bestetik, euskal gizartea hobeto ezagutzen laguntzen duelako. San Telmo Museoak 4.800 argazki negatibo digitalizatu ditu, orain arte.

Urte bereko maiatzean, Koch familiak Sigfrido Koch Bengoetxea eta Sigfrido Koch Arruti argazkilari donostiarren artxiboek osatutako bildumaren dohaintza egin zuen. Horietatik 1.115 argazki daude ikusgai egun EMSIMEn.

Datozen urteetan pixkanaka handitzen joango da museoaren bilduma digitala.