Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteak, 2022ko Nazioarteko Museoen Eguna dela eta, Manuela Camparen (Donostia, 1876 - 1905) Patio de San Telmo obra eman dio aurten San Telmo Museoari.

Dohaintzaren une bat San Telmo Museoan. Argazkia: O. Moreno
Dohaintzaren une bat San Telmo Museoan. Argazkia: O. Moreno

29 x 42,8 zentimetroko mihise gaineko olio honek Donostiako Arte Ederren Jauregian antolatu zen 1. Pintura eta Eskultura erakusketan parte hartu zuen 1896an, eta bertan artista berak beste bi lan erakutsi zituen. Informazio hau San Telmoko artxibategi digitalean ikus daitekeen erakusketaren katalogoan jasotzen da.

Dohaintza gaur, maiatzak 18, egin diote museoan San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteko presidente Carlos Rilovak eta elkarteko batzordekide Mª Jesús Muñoz Baroja eta Paco Esparzak museoko zuzendari Susana Sotori. Koadroa datorren astera arte museoan ikusgai egongo da.

Gaur ekitaldi honi beste batzuk jarraituko dizkiote: museorako sarrera doakoa izateaz gain, arratsaldean kantu errezital bat.

Asteburuan programak aurrera egingo du emanadi berezi gehiagorekin.

Manuela Campa Echave (Donostia/San Sebastián, 1876-1905)

1876ko abuztuaren 23an Donostian jaioa, Dolores Echave eta Baldomero de la Camparen alaba zen.

Bere aita 1860ko hamarkadaren amaieran hirian bizitzen jarritako pintore dekoratzailea izan zen, estofaduran eta urreztaduran espezializatua. Hainbat eraikin apaindu zituen (Gipuzkoako Probintzia Jauregia, besteak beste), eta Donostiako eta lurraldeko erretaulak zaharberritzeko lanak ere egin zituen (esaterako, San Bizente elizakoak eta Santa Teresa komentukoak hiriburuan).

Ia ezer ez dakigu Manuela Campak pinturari eskaini zion dedikazioari buruz, baina logikoa litzateke pentsatzea, aitaren urratsak jarraitu zituzten XIX. mendeko artisten beste alaba batzuek bezala, aitaren eskutik jaso zuela bere lehen prestakuntza. Margolari gisa berari buruz ezagutzen den aipamen bakarra 1896ko abuztuan egindako Donostiako Pintura eta Eskultura Lehen Erakusketan parte hartu izanari lotuta dago, eta hiru olio aurkeztu zituen: Un lavadero, Marienea eta Patio de San Telmo.

Tokiko prentsaren lausengu generikoa lortu zuen behintzat: “hiru koadrotxo, benetako baldintzak zituen artista baten lehen urratsak. Ondo marraztuak eta zintzoak. Zorionik beroenak merezi ditu artista gazteak”.

Donostian hil zen 1905eko urtarrilean.