Web mapa
Hizkuntzak

Euskarazko formatu txikiko antzerki sorkuntza eta ekoizpena bultzatzeko 2022/23ko Poltsiko Antzerki Sorkuntza programak baditu dagoeneko irabazlea eta finalista.

Kris eta Krash
Idoia Unzurrunzaga

Jasotako proiektuen artean, epaimahaiak Nomofobikak konpainiaren Kris eta Krash ile-apaindegia antzezlana aukeratu du. Finalista izan den beste obra Txiki komikoaren proiektu berria da, Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria.

  • Kris eta Krash ileapaindegia

Nomofobikak konpainiaren obrako aktoreak Amaia Lizarralde eta Asier Olaizola dira eta Olatz Beobideren kanpo begirada du. Kris eta Krash ile-apaindegian daude, elektrizitatearen erabilera mugatuta dute (lehorgailua, plantxak…) ordaindu behar dituzten faktura altuengatik (argiarena, urarena) eta trikimailuak egitera behartuta daude. Hala ere, bezeroek ez diote joateari utzi, ile-apaintzaileen gomendioei esker beraien arazoak hobetzen baitira.

  • Diskoberri Txanel: euskaldunon jatorria.

Euskal Herriko historia kontatuz, umorezko bakarrizketa berri bat egitea izango da Txiki-ren, Ion Martinez Esnaolaren, proiektuaren asmoa. Espazioaren Big Bangetik, lehen kobazuloetako gizakietara; lehen artzainetatik, erromatar garaira; Nafarroako Erresuma,mundu gerrak, gerra zibilak, frankismoa, ETAren hamarkadak… Euskal Herrian eman den azken fenomeno historikora arte: Chill Mafia.

Saritutako lanak hurrengo Poltsiko Antzerki Jaialdiaren barruan estreinatzeko eta antzezteko konpromisoa hartuko dute irabazleek eta finalistek. Antzezlanak garatzeko eta ekoizteko, proiektu irabazleak 1.500 euroko ekarpena jasoko du eta finalistak, aldiz, 1.200 eurokoa. Gainera,  kultur etxeek abenduan zehar espazioak utziko dituzte aukeratutako sormen-proiektuak gauzatzeko. Era berean, 32. Poltsiko Antzerki Jaialdian egin beharreko estreinaldi eta emanaldien truke 2.500 euro jasoko ditu irabazleak, eta 2.000 euro finalistak.

Donostia Kulturak, Donostiako Udaleko Euskara Zerbitzuak eta Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak deialdian parte hartu duten guztiei beren esker ona azaldu nahi diete.