Web mapa
Hizkuntzak

Datorren larunbatean, urtarrilak 28, emanaldia eskainiko du Oskarbi taldeak San Telmo Museoan. Ibilbide luzea egin du taldeak 1966an sortu zenetik, eta erreferentziazkoa da euskal kantagintzan.

oskarbi musika taldea

2021ean argitaratu zuen bere azken lana, Kantua zuei titulua duen diskoa. Museoan eskainiko duen emanaldian, baina, ez dituzte azken disko honetako lanak soilik interpretatuko, bere ibilbide oparoan zehar ezagun egin diren kantuak errepasatuko baitituzte horietaz gain, eta gainera, bi abesti berri ere aurkeztuko dituzte, Guek ajutu ez dugu eta Lourdes Iriondoren Tiriki tauki-ren bertsio bat estreinatuko dituzte.

Saioa 19:00etan hasiko da, eta sarrera doako izango da, lekuak bete arte.

Oskarbi ibilbide luzeko euskal musika taldea da, doinu berritzaileak euskal tradizioarekin uztartu dituena. Ez Dok Amairun parte hartu zuen taldeak, eta harreman estua izan zuen Bitoriano Gandiaga idazlearekin eta Jorge Oteiza eskultorearekin.

Hauek dira taldea osatzen duten musikariak egun: ahotsak, Iñaki Maritxalar, Joxelu Treku, Maite Aizkorreta, Carlos Ruiz eta Oihana Lekuona; gitarra, Iñaki Maritxalar; baxua, Beñat Ruiz; flauta, Gontzal Iñarra; biolina: Maite Aldaragia; pianoa, Manex Iñigo.