Hizkuntzak
STMLEak Amable Ariasen obra baten zaharberritzea kofinantzatu du
San Telmo Museoaren Lagunen Elkarteak Amable Ariasen (1927-1984) obra baten zaharberritzea kofinantzatu du, 2024ko Museoen Nazioarteko Egunaren ekarpen gisa. De lo visible y de lo invisible obra da, dagoeneko museoko 100 urte. Modernoa eta/edo garaikidea erakusketan ikusgai dagoena.
Elkartearen ohiko ekarpena museoari obra bat dohaintzan ematea izan bada ere, aurten bi aldeek adostu dute lagunen elkarteak parte hartu zezala San Telmok erakusketarako prestatu behar zuen museoko bildumako obra baten zaharberritze lanen %50eren finantziazioan.
Lan hau museoak Maria Berges zaharberritzaileari eskatu dio, eta, funtsean prozesua honakoa izan da: olio handi horren aurrealdea eta atzealdea garbitzea, bastidore berri bat ezartzea eta tenkatzea, galtze eremu batean adabakia ipintzea, eta obrari jatorrizko kolorea eta distira itzul-tzeko iztukatzea eta berrintegrazio kromatikoa aplikatzea.
De lo visible y de lo invisible (1966-1967) lan esanguratsua da bai Amable Ariasen ibilbidean eta bai euskal abstrakzioaren hirurogeiko hamarkadako ekoizpenaren barruan. Atomoaren pintura deritzon sailaren barnean kokatzen da. Bertan, figurazioa alde batera utzita, tonu lirikoko abstrakzio leun baten aldeko joera somatzen da non materia desagertze edo deskonposizio prozesu batean sartuta dagoela dirudien. Horretarako, urritasun kromatiko handiko ukitu labur eta zeha-tzez baliatzen da, asmo kaligrafiko batez murgilduta diruditen gris, okre eta urdinen gamek osatua.
Maiatzak 18, Museoen Eguna
Bihar, maiatzak 18, larunbata, Museoen Nazioarteko Eguna ospatzen da eta aukera bikaina da zaharberritutako lan hau miresteko eta museoak eskaintzen dituen esparru desberdinetara ere hurbiltzeko. Izan ere, San Telmok astebururako egitarau berezi bat prestatu du, larunbaterako eta iganderako doako sarrera eta sormen gunea, eta maiatzaren 18rako bisita gidatuak eta musika emanaldiak.