Web mapa
Hizkuntzak

Datorren astelehenean, martxoak 27, Antzerkiaren Nazioarteko Institutuak 1961. urtean sortu zuen Antzerkiaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta aurtengo mezua Egipton jaiotako Samiha Ayoub interpreteak idatzi du (euskarazko itzulpena: Iñaki Iñurrieta). Egun horretako ospakizunen barne, XXIII. Donostia Antzerki Sariko gala antolatu da Victoria Eugenia Antzokian. 

Donostia Antzerki Sariaren irudia

Galaren hasieran Patri Urkizu idazleari omenaldia egingo zaio euskal antzerkiari egindako ekarpenagatik eta bukaeran, Donostia Antzerki Saria emango zaie Kamikaz Kolektiboaren eta Ttak Teatroaren kideei, Hiru kortse, azukre asko eta brandy gehiegi lanagatik.

Ospakizunaren baitan, aurtengo mezua irakurriko da.

Samiha Ayoub-en mezua

Mundu osoko antzerki-artista lagunok:

Munduko Antzerki Egunean idazten dizuet mezu hau, eta pozarren ari banatzaizue ere, nire zain eta kirio bakoitza ikaraz dago denok sufritzen ari garenaren zamapean, munduak egun duen egoera dela-eta. Ezegonkortasuna da gure munduak egun pairatzen duenaren ondorio zuzena, gatazkak, gerrak eta hondamendi naturalak direla medio, horiek denek eragin lazgarriak izan baitituzte, gure mundu materialean ez ezik, gure mundu espiritualean eta gure bake psikologikoan.

Zuei ari natzaizuelarik, badut sentimendu bat mundua uhartetan banakatu delakoa, edo gandupeko ostertzean ihesi doazen hainbat itsasontzitan, bakoitza belak zabal eta lemarik gabe, ostertzean iparra seinalatuko dion ezer ikusten ez duela, eta hala ere nabigatzen, itsaso burrunbatsuan egindako itsasaldi luzearen buruan babesa emango dion portu seguru batera iristeko esperantzaz.

Gure mundua inoiz ez da egon orain bezain konektaturik, baina hala ere inoiz ez gara egon orain baino elkarrengandik aparteago eta urrunago. Horra gure gaurko munduak ezartzen digun paradoxa larria. Nahiz eta denok ikusten dugun bateratze bat ari dela gertatzen barrera eta muga geografiko guztiak ezabatzen dituzten komunikazio-bide berri eta modernoen zirkulazioan, munduak bizi dituen gatazkek eta tentsioek pertzepzio logikoaren mugak gainditu dituzte eta, ustezko bateratze horren erdian, errotiko haustura sortu dute, eta horrek urrundu egiten gaitu gizatasun oinarrizkoenaren benetako funtsetik.

Antzerkia, berez eta jatorriz, giza ekintza hutsa da, gizatasunaren benetako esentzian oinarritua, hau da, bizitzan. Konstantin Stanislavski aitzindari handiaren hitzetan, "Ez etorri inoiz antzokira oinetakoak lokaztuta. Hautsa eta zikinkeria, kanpoan utzi. Erreparatu zuen kezkatxoei, xextrei, arropekin-eta dituzuen zailtasun hutsalei, bizitza hondatzen dizueten eta arreta zeuen artegintzatik aldentzen dizueten zer guztiei”. Agertokira igotzen garenean, bizitza bakar bat dugula igotzen gara gutako bakoitza, baina bizitza horrek trebetasun handia du bikoizteko eta ugaltzeko eta bizitza anitz bihurtzeko, eta horiek ekartzen ditugu mundu honetara piztu eta lora daitezen, eta beren urrin gozoa besteengana zabal dezaten.

Guk, dramaturgo, zuzendari, aktore, eszenografo, poeta, musikari, koreografo eta teknikariok, den-denok salbuespenik gabe, antzerki-munduan egiten duguna bizia sortzea da, gu agertokira igo aurretik existitzen ez zen huraxe. Bizi horrek merezi du, merezi duenez, eutsiko dion eta babestuko duen eskua, besarkatuko duen bular maitagarria, goxo-goxo hartuko duen bihotz samurra, eta aurrera egiteko eta bizirik irauteko arrazoiak emango dizkion buru zorrotza.

Ez naiz gehiegikerietan ari esatean ezen guk agertokian egiten duguna biziaren ekintza bera dela, bizia ezerezetik sortzea, ilunean dir-dir egiten duen txingarra balitz bezala, gaueko iluntasuna argitzen eta hotza bero bihurtzen. Geuk ematen diogu distira bizitzari. Geuk gorpuzten dugu. Geuk bihurtzen dugu bizi eta esanguratsu. Eta geuk ematen ditugu hura ulertzeko arrazoiak. Geuk darabilgu artearen argia, ezjakintasunaren eta estremismoaren iluntasunari aurre egiteko. Geuk besarkatzen dugu bizitzaren doktrina, bizitza mundu honetan heda dadin. Horretarako, gure ahalegina, denbora, izerdia, malkoak, odola eta nerbioak ematen dizkiogu, egin beharreko guztia egiten dugu mezu handi hau lortzeko, egiaren, ontasunaren eta edertasunaren balioak defendatuz, bene-benetan sinetsiz merezi duela bizitzea.

Zuei ari natzaizue gaur, ez zerbait esate aldera, ezta ere arte guztien aitari, antzerkiari, gorazarre egiteko bere egunean. Aitzitik, bat egitera gonbidatzen zaituztet, elkarri eskua emanda, sorbalda sorbaldaren kontra, denik eta deirik ozenena egitera, gure antzokietako agertokietan egin ohi dugun bezala, eta gure hitzak esatera mundu osoaren kontzientzia iratzartzeko eta nork bere baitan bila dezan gizatasunaren esentzia galdua: gizaki aske, tolerante, maitagarri, jator, leun eta etsi onekoa. Eta basakeriaren, arrazakeriaren, gatazka odoltsuen, pentsaera aldebakarraren eta estremismoaren irudi gaiztoa arbuia dezazuen. Gizakiok milaka eta milaka urtez ibili gara mundu honetan eta zeru honen azpian, eta hala jarraituko dugu ibiltzen aurrerantzean ere. Beraz, atera oinak gerra eta gatazka odoltsuen lohitik, eta utzi agertokiaren atean. Beharbada orduan, gure gizatasuna, zeina zalantzak hartu baitu, berriro bihurtuko da ziurtasun erabateko eta gai egingo gaitu harro egoteko gizaki izateaz eta gure gizatasunean elkarren anaia, arreba, ahizpa izateaz.

Gure eginkizuna da, gu antzerkigileok, argitasunaren zuzia daramagunok, lehen agertokiko lehen aktorearen lehen agerralditik, aurre-aurrean egotea itsusi, odoltsu eta gizagabea den orori aurre egiteko. Eder, aratz eta humanoa den ororen bidez egiten diogu aurre. Guk, eta ez beste inork, dugu bizia hedarazteko gaitasuna. Hedaraz dezagun elkarrekin mundu bakarraren eta gizadi bakarraren alde.