Web mapa
Hizkuntzak

Kimia Kamvari izango da aurten Artea Abian proiektuan parte hartuko duen artista, aurreko edizioetan Nagore Amenabarrok eta Oier Iruretagoienak parte hartu ondoren.

Aperion de Kimia Kamvari
Aperion de Kimia Kamvari

Kutxa Fundazioaren eta San Telmo Museoaren arteko lankidetzaren bitartez sormena sustatzeko helburua duen Artea Abian proiektuak jarraipena izango du aurten Kimia Kamvari artistarekin. Azaroan inauguratuko da bere lanekin osatutako erakusketa museoko Laborategia Aretoan.

Ekimen honen bidez, Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak beren ibilbide profesionalaren lehen urteetan dauden eta beren obraren aurkezpen monografikoari aurre egiteko esperientzia nahikoa duten artistei laguntza eta babesa eskaini nahi diete. Helburu nagusia gune instituzional edo museistiko batean erakusketa indibiduala egitea erraztea da. Ekimen honek arte plastikoen eta arte bisualen testuinguruan dagoen behar bati erantzuten dio, hau da, artistentzako erakusketa espazioak eta aukerak inplementatzeari.

Helburu nagusia da oraindik erabat finkatuta ez dauden edo garapen fasean dauden ibilbideak dituzten sortzaileekin lan egitea. Ez da adin tarte zehatzik ezartzen, eta arte gaztea bezalako kategoriak saihesten dira, artista potentzialen aukera eta esparru profesional eta instituzional baten barruan izan dezaketen naturalizazioa ez mugatzeko. Horrela, bada, kontuan hartzen den profila aurretik ibilbide bat baduten sortzaileena da, lehiaketa eta erakusketa kolektiboetan parte hartu dutenak, baina ez dutenak aurkezpen monografikorik egin San Telmo Museoaren moduko museo edo erakunde batean.

Erakusketa eta argitalpena

Artea Abian proiektuak San Telmo Museoak urtero Laborategia Aretoan egin beharreko erakusketa bat egitea dakar, ahal dela artista batena, lan metodoei eta baliabideei dagokienez ingurune profesionalizatua eskainiz. Asmoa da erakusketa hau, aurretik eta ondoren guztiz ezberdinak izango diren beste batzuek inguratuko dutena, beste edozein erakusketa gisa tratatzea; bai azaldutakoaren kalitateari dagokionez, bai haren dimentsio ekonomikoari dagokionez, bai museoaren programazio orokorrean eta kanpo komunikazioan izango duen eraginari dagokionez.

Erakusketarekin batera, gainera, katalogo bat argitaratuko da, elementu garrantzitsua zabalkunde tresna delako.

Kimia Kamvari, Artea Abianen hirugarren edizioko artista

Kimia Kamvari (Kolonia, 1986) Pinturan lizentziaduna da Teherango Arte eta Arkitektura Unibertsitatean, eta Ikerketa eta arte sorkuntza masterra egiten ari da EHUn. 2006tik talde erakusketa askotan parte hartu du, eta azken urteotan baita bakarkako erakusketetan ere, Dastan Galleryn (Teheran, Iran) eta Cristina Enean (Donostia).

Egoitzak egin ditu Tabakaleran (2017) eta Sormenaren Kabian (2018). Bere azken erakusketetan, Apeiron (Dastan Gallery, 2018), Nature Change (Cristina Enea Fundazioa, 2019) eta Event Horizon (Dastan Gallery, 2019), estilo eta kontzeptu aldaketa nabari da bere obran, non naturak eta aldaketak paper nagusia jokatzen duten.

Azpimarratzekoa da 2015etik Astigarretan izan duen egonaldi luzeak izan duen eragina, leku horretan bere lana irauli egin baita kontzeptualki. Bere azken lanetan material organikoaren, instalazioaren, argazkigintzaren eta marrazkiaren erabilera nabarmentzen da.