Web mapa
Hizkuntzak

Abeslari eta piano-jotzaile britaniarrak bi kontzertu eskainiko ditu.

 Jamie Cullum, 2019
Jamie Cullum Zurriolan Jazzaldiko 54. edizioan, 2019

Jazzaldiko hirurogeigarren edizioan arituko den lehen izar handia iragartzen dugu: Jamie Cullum. Musikari ingelesa uztailaren 22 eta 23an arituko da bi eszenatoki ezberdinetan, bi musikari-talde ezberdinekin.

Ongi ezagutzen dugu Cullum Jazzaldian. Bakarkako kontzertuetan nahiz bere taldearekin gozatu dugu, baita big band baten laguntzaz edo DJ lanetan ere; Trinian, Kursaalen eta Zurriola hondartzan 45.000 pertsonaren aurrean; 2009an hogei urte inguru zituela, 2013an, 2015ean Jazzaldiko 50. edizioa ospatzen eta 2019an.

Hauetan guztietan musikari britaniar oparoak entzuleak liluratu ditu bere gogoberotasun agorrezin, alaitasun kutsakor, energia sutsu, komunikaziorako gaitasun eta gainezkako jatortasunarekin. Piano aurrean eserita garai bateko croonerren moduan abestuz hunkitu egiten gaitu Cullumek, erotu eta berotu bere taldearen aurrean jartzen denean. Berezko dituen karisma eta ahots imitaezinak egungo Jazzeko artista ospetsu eta maitatuenetakoa izatera eraman dute.

Datozen hilabeteetan zehaztasun gehiago eskainiko ditugu Jamie Cullumen bi kontzertuei buruz eta 2025eko uztailaren 22tik 27ra egingo den Jazzaldiko 60. edizioaren ospakizunetara batuko zaizkigun artista gehiagoren gainean.