Web mapa
Hizkuntzak

Jaio eta van Gorkum bikote artistikoak Hinrich Sachs aukeratu du Museo Bikoitza programan bere ondoren lan egin dezan.

Hinrich Sachs
Ezkerretatik eskubira: Iratxe Jaio, Klaas van Gorkum, Hinrich Sachs (Museo Bikoitza programako artista gonbidatuak), Susana Soto, San Telmo Museoko zuzendaria eta Jon Insausti, Kultura eta Euskera zinegotzi delegatua. Argazkia: Oskar Moreno

Museo Bikoitza programaren ezaugarrietako bat da edizio bateko artistak hurrengo ediziokoa gonbidatzen duela proiektuan parte hartzera. Hala, Iratxe Jaio eta Klaas van Gorkumek osatzen duten bikote artistikoak hautatu du Hinrich Sachs hurrengo urtebetean Museo Bikoitza proiektuan lanean aritzeko.

Hinrich Sachs (Basilea, Suitza, 1962) artista eta idazlea da. Haurtzaroa Donostian pasa ondoren, arte bisualak ikasten jarraitu zuen Hanburgon, Alemanian, eta geroago Parisen, Frantzian. Artistak modu ibiltarian egiten du lan, Mendebaldeko kulturako lanak bariazio lokal eta bereizgarrietara nola eramaten diren aztertzen. Iradokitzailea, batzuetan jostagarria, den ikuspegi batekin, Sachsek kapital globalak eta interes korporatiboek ondare kulturalaren eraikuntzan duten eragina aztertzen du.

2018an jarri zuen martxan San Telmo Museoak Museo Bikoitza programa, Asier Mendizabalen ideia batetik abiatuta. Aldizkako esku-hartzeen programa bat da urtero gonbidatutako artista batek egiten duena, eta museoarekin lotuta lan egiten du artista horrek proiektu berri baten produkzioan. Lan horren emaitza denbora batez egoten da erakusketa programaren barruan, eta azkenik museoaren arte bildumari gehitzen zaio, egungo une bakoitza San Telmoko bildumaren ondarera eta kontakizunera gehitzeko premia adieraziz, premia hori ordeztu gabe, betiere.

Programa honen metodologiaren arabera, artista bakoitzak, gutxi gorabehera 6 hilabete ditu ikerketarako eta proposamena aurkezteko, eta beste horrenbeste proiektua gauzatzeko. Amaitutako proiektua museoan instalatzen da, egungo ibilbide museografikoaren barruan edo adostutako gune batean, eta proiektua jendaurrean erakusten den urtean, hurrengo edizioko artista hautatu eta lan koordinazioaren konpromisoak bere gain hartzen ditu gonbidatutako pertsonak. Proiektuaren erakustaldi publikoa amaitutakoan, museoaren bilduman txertatzen da produzitutako obra.