Hizkuntzak
Friki Harrotasunaren hilabetea Egiako Liburutegian
Mahai-jokoak, rol-jokoak, munduko kasete birbobinatze txapelketa, Friki zozketa... Egiako Liburutegian Friki Harrotasunaren hilabetea ospatuko da maiatzean zehar eta programa berezia antolatu dute lau ekintza nagusirekin.
![Frikiegia 2024](/imgs/noticias/2024/04-apirila/EGIA-frikiegia-AlbH.jpg)
Friki Harrotasunaren jaialdia maiatzaren 10ean hasiko da, baina jarduera paraleloak ere izango dira hilabete osoan zehar. Jarduera horien bidez, Egia auzoko neska-mutilek liburutegia apainduko dute "frikien kanonek agintzen duten bezala"; edota ordenagailu-joko txikien lehiaketetan parte hartuko dute. Hona hemen Egiako Liburutegian prestatutako programa (ekintza guztiak 18:00etan izango dira):
-
Maiatzak 10: Mahai Jokoen Erauntsia. Frikiegiako leloetako bat hauxe da: "friki bat bera ere ez bere mahai jokorik gabe", beraz, taula eta dadoaren festa izango da.
-
Maiatzak 24: It's only rol, but I like it. Rol jokoak gustoko dituztenentzat, partida batzuk antolatu dituzte auzoko gaztetxoekin, bertako beteranoenekin eta erdian daudenekin. Aukeratutako gaia hau da: literatura.
-
Maiatzak 29: Kasete birbobinatze II. Mundu Txapelketa Bic Boliarekin. Beso eta eskumutur boteretsuenak azkarrenak izateagatik borrokatuko dira.
- Maiatzak 31: Urteroko hitzorduan hutsik ez egiteko, aurten ere Friki Zozketa Handia egingo da. Bertan, parte hartzaileek liburutegiko opari esklusibo bat irabaz dezakete. Hainbeste urteren ondoren, denetarik oparitu dute: katiluak, kamisetak, sukaldeko mantalak, eskuoihalak... 2024an, berriz, opari berezia: Hondartzako baloia.
Zozketarako txartelak hainbat bidetatik lor daitezke:
a) Liburutegiko dokumentu frikiak maileguan hartuta, hala nola telebista-serieak, komikiak, fantasiazko eta zientzia fikziozko liburuak, film fantastikoak eta horrelako lanak.
b) Friki-Trivialean parte hartuz
c) Poster-Frikietako pertsonaiak asmatuz
Dagokion txartelaz gain, parte hartze bakoitzeko txapa bat emango da, friki diseinu batekin apaindua.