Web mapa
Hizkuntzak

Nosferatu ziklo berria datorren urtarrilaren 18an hasiko da Tabakaleran. Oraingoan Frantziako zinema beltzari, polar deituari, eskainia.

Fantômas: À l'ombre de la guillotine
Fantômas: À l'ombre de la guillotine

Zikloa Donostia Kulturak eta Euskadiko Filmategiak antolatu dute, Tabakalera eta Institut Valencià de Cultura – Filmoteca de la Generalitat Valenciana-ren lankidetzarekin, eta 2023ko urtarrila eta abendua bitartean garatuko da.

Hamabi hilabete horietan, Frantziako zinema beltzak bere historian zehar eman dituen hogeita hamar bat film proiektatuko dira.

Lehenengo emanaldian Louis Feuilladek Krimenaren Enperadoreari eskaini zizkion bost filmetatik lehenengoa ikusi ahal izango da, Fantômas: À l'ombre de la guillotine (1913), baita Ménilmontant (1926) kultuko film ertaina ere, Dimitri Kirsanoffek zuzendua.

Urtearen lehenengo hiruhilekoan beste zinemagile batzuek zuzendutako filmak ere programatu dira, haien artean Jean Renoir, Julien Duvivier, Jacques Becker eta Henri-Georges Clouzotenak, Frantziako zinemako aktore klasikoek antzeztuak, besteak beste Jean Gabin, Michèle Morgan, Michel Simon, Jeanne Moreau, Eddie Constantine, Magali Noël, Robert Hossein eta Lino Venturak.

Kriminal legendarioak, haietako bat aipatutako Fantômas, Marcel Allainek eta Pierre Souvestrek sortua; ikertzaile gailenak, besteak beste Maigret komisarioa eta FBIko agente Lemmy Caution, hurrenez hurren Georges Simenon eta Peter Cheyney idazleek sortuak; eta James M. Cainen Postariak bi aldiz deitzen du beti klasikoaren lehenengo moldaketa zinemara. Hori guztia eta askoz ere gehiago Tabakalerako pantailan izango da urtarrila eta martxoa bitartean, abendura arte luzatuko den ziklo honetan.

Zikloarekin batera bi liburu argitaratuko dira, bata gaztelaniaz eta bestea euskaraz. Lehena, El polar francés 1933-1982, Colección Nosferatuko 19. zk., Antonio José Navarrok koordinatu du eta urtearen hasieran argitaratuko da. Bigarrena, Iñigo Marzabalek koordinatua, Nosferatu Bildumako 11. zk., 2023aren bukaeran editatuko da.

2023ko zinema-bonua eta sarreren salmenta

Prezioen igoera orokorra gorabehera, 2023an Tabakalerako pantaila partekatuak sarrera eta bonuen tarifei eutsiko die. Beraz, sarreraren prezioa 4 eurokoa izango da, eta tarifa horri ohiko beherapenak aplikatu ahal izango zaizkio (DK txartela, TBK txartela...).

Tabakaleraren zinema-bonuak ere baldintzei eutsi die, eta erabiltzaileei aukera emango die 120 euroren truke 2023an pantaila partekatuaren erakunde bazkideek programatutako 40 film ikusteko: Donostia Kultura, Euskadiko Filmategia, Elías Querejeta Zine Eskola, Donostia Zinemaldia eta Tabakalera, 2023ko Zinemaldian programatutako filmak izan ezik.

Beste urtebetez, bonua erosteak aurretik aipatutako bi argitalpenetako bat barne hartzen du: El polar francés 1933-1982 (19. zk., Nosferatu Bilduma) edo Zinema festa bat da (Katixa Agirre, Zinemaldia 70 zikloarekin lotutako Donostia sariei buruzko liburua).

Bonua 2022ko abenduaren 20ko 12:00etatik aurrera eros daiteke, 2023ko urtarrilaren 31ko 12:00etara bitartean, bai Tabakaleraren webgunean eta bai zentroko Informazio-puntuan. Egun eta ordu horretan irekiko da, halaber, urtarrileko eta otsaileko proiekzioei dagozkien ohiko sarreren salmenta.

Bonua 2023ko urtarrilaren 1etik 2023ko abenduaren 31ra (biak barne) kontsumi daiteke, hurrengo urteko programazioko sarrerak erosteko, eta bonuarekin lotutako kudeaketa guztiak Tabakaleraren webgunean eta zentroko informazio-puntuan egin daitezke: bonua erosi, opari gisa beste pertsona bati bidali, filmetarako sarrerak erosi bonuaren beherapenarekin edo eskuragarri dagoen saldoa kontsultatu.

Informazio gehiago Nosferatu zikloari buruz: lehenengo hiruhilekoaren programazioa