Web mapa
Hizkuntzak

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak antolatutako solasaldi-zikloaren hiru saio gehiago egingo dira, bata urriaren 4an, eta beste biak azaroan, 8an eta 29an. Saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Amaia__Bacilagupe

Egitasmo honek emakume zientzialariak ezagutzera ematea du helburu. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan. Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango da: Itziar Laka Mugarza, Amaia Bacigalupe de la Hera eta Lourdes Herrasti Erlogorri.

Besteak beste, zerk bultzatzen ditu ikertzera, zein galderari erantzun nahi diote, zerk harritu ditu gehien eta zer zailtasunei egin behar diete aurre azalduko dute, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-dibulgatzailearen galderei erantzunez. Horrez gain, "bi kulturen" estereotipoa gainditzeko (zientziak eta humanitateak), haien liburu gogokoenak ere gomendatuko dituzte.

Lehenengo solasaldia urriaren 4an izango da. Itziar Laka Mugarza izango da elkarrizketatua, eta solasaldiaren izenburua honako hau izango da: Imajina ezinaren bila, hizkuntzatik abiatuta. Amaia Bacigalupe de la Hera izango da bigarren elkarrizketatua, osasuna izango du hizpide, eta solasaldia azaroaren 8an egingo da izenburu honekin: Osasuna ez da soilik gaixo ez egotea. Azken solasaldia Lourdes Herrasti Erlogorrirena izango da, azaroaren 29an egingo da: Memoria eraikitzen, iragana lurpetik ateraz izango du izenburua

Solasaldien audioak Donostia Kultura Irratiko podcastetan eta Elhuyarren zientzia.eus webgunean ere entzun ahalko dira.