Web mapa
Hizkuntzak

San Telmo Museoak Dantzaz ele. Jantziak erakusketa aurkeztu du, martxoaren 28tik apirilaren 23ra klaustroan eta elizan ikusgai izango dena. Proposamenak 2018an museoak hasitako ildoari ematen dio jarraipena; izan ere, Aste Santuko oporraldian San Telmok tradizioekin lotutako programazioa eskaintzen du, Atzokoak gaur tituluarekin, aurreko urteetan lihoaren, artzaintzaren eta saskigintzaren ingurukoa. Aurtengo egitarauak Ipar Euskal Herriko dantza tradizionalei eman die protagonismoa, Maritzuli Konpainiaren eskutik datorren erakusketa honekin.

Dantzaz ele prentsaurrekoan parte hartu duten pertsonak

Dantzaz ele. Jantziak erakusketak Iparraldeko lau besta tradizional ditu ardatz: Besta Berri (edo Corpus Christi jaian egina); kaskarotak edo Lapurdiko inauterietako desfileak; kabalkadak eta tobera-mustrak; eta maskaradak, eta haien janzkera, esanahi eta kodeetan barneratzen da.

Mendeetan zehar, dantza eta ospakizun hauek aldaketak jasan dituzte, eta horietako batzuk desagertzear egon dira.

Erakusketan ehun maniki baino gehiagok dantza hauetako pertsonaia protagonistak ezagutaraziko dizkigute, bakoitzean erabiltzen diren jantziak erakutsiz. Muntaketak konpartsek behar duten egitura, antolaketa eta prestakuntza ere azaltzen du. Jantziekin batera testuak eta irudiak daude, dantzak non egiten diren, ospakizunen egutegiak, motiboak, irudikatutako gaiak, parte-hartzaileak eta desfile bakoitzaren dinamikak kontatzen dituztenak, kultur ondare honen aberastasunera hurbilduz eta haren kodeak aztertuz eta xehatuz. Dantzan Elkarteak egindako grabazioei esker, bestalde, badira ere dantza hauen inguruko hainbat ikusentzunezko.

Erakusketarekin batera, haur eta familientzako jarduera programa bat izango da, gaia sakonago ezagutzeko eta dantza tradizional horien unibertsoan murgiltzeko. Apirilean zehar egingo dira jarduerak, batez ere Aste Santuko oporretan.