Web mapa
Hizkuntzak

2023ko argazki-liburu programa datorren urtarrilaren 28an hasiko da Terezín-ekin, Daniel Blaufuksen proiektu pertsonalarekin, Theresienstadt kontzentrazio-esparru naziaren historiari buruzkoa.

Terezín argazki-liburuaren portada

Egile portugaldarraren hitzaldiak amaiera emango dio, halaber, Indésirables. Bonbardaketatik esparrura. Erbesteratzearen ibilbideak erakusketari lotutako jardueren programari, erakusketak urtarrilaren 29an ateak ixten baititu.

Terezín lanak, BES Photo Award 2007 saria jaso duenak, Theresienstadt (edo Terezín) Txekiar Errepublikako, Pragatik 60 kilometrotara dagoen hiri gotortuari buruzko istorioa kontatzen du. Wannseeko Konferentzian, 1942ko urtarrilean, alemaniarrek Theresienstadt aukeratu zuten "ghetto eredu" gisa 65 urtetik gorako juduentzat, Lehen Mundu Gerrako judu beteranoentzat eta pertsona ezagunentzat. Naziek "ghetto-eremua juduen agintaritzapean" deklaratu zuten, presidente batekin zaharren kontseilua bat izendatuz, baina SSen agintaritzapean. Izan ere, Auschwitz edo Birkenaurako bidean beste pauso bat baino ez zen. Terezín Daniel Blaufuksek kontzentrazio-esparru horren historiari buruz egindako ikerketa pertsonaleko bidaia-liburua da.

Hitzaldi honen ondoren Camilla de Maffeiren Delta, otsailaren 18an, izango dugu eta, geroxeago Vicente Paredesen Supereuskadi, martxoaren 4an.

Argazki-liburuen jarduera programak ohi bezala hilero jarraituko du urtean zehar. Hitzaldi hauek 2017tik liburutegian aurki daitekeen Gabriela Cendoya Bergareche Collection bilduma dute oinarri, egunez-egun handitzen dena.