Hizkuntzak
Argazkien kontserbazioaren inguruko ikastaroa azaroaren 27tik 30era
San Telmo Museoak eta Kutxa Fundazioak argazkiak kontserbatzeko ikastaroaren laugarren edizio antolatu dute azaroaren 27tik 30era: Conservación y restauración de fotografía sobre papel. Rosina Herrera eta Esther Llorca izango dira irakasleak eta paperaren gaineko objektu fotografikoak kontserbatzeari eta zaharberritzeari buruzko ikastaro teoriko-praktikoa izango da, alorreko profesionalei zuzendua.
Aurten, ikastaroaren ezaugarriak direla eta, izena eman nahi duten pertsonek motibazio gutuna idatzi beharko dute izena eman aurretik. Gutun horiek bidaltzeko epea urriaren 21etik 28ra zabalduko da.
- Ikusi hemen ikastaroaren eta matrikularen inguruko informazio gehiago: Conservación y restauración de fotografía sobre papel.
Argazki-funtsak tratatzeko lan-lerroa
Kutxa Fundazioak eta San Telmo Museoak, 2019an sinatutako lankidetza-hitzarmenaren emaitza da ikastaro hau, aurten laugarren edizioa duena. Besteak beste, argazki-funtsen tratamenduari buruzko lan-ildoa indartzeko asmoz antolatua dago, izan ere, ondare mota hori pisu handia hartzen ari da azken urteotan, eta ezagutza eta prozesu espezifikoak behar ditu.
Argazkigintza geroz eta garrantzia handiagoa hartzen ari da museoek gordetzen dituzten bildumetan eta programatzen diren erakusketetan, hala museo handietan eta txikietan, nola erakusketa zentroetan. Inguru hurbilean hainbat erakundek gordetzen dituzte argazki funtsak eta egiten dituzte argazki erakusketak.
Guztien artean, azpimarratzekoak dira Kutxatekak eta SanTelmo Museoak gordetzen dituzten bildumak. Bi kasuetan, balio dokumental handiko materiala da, ezinbestekoa gure iragana ezagutzeko eta era guztietako alderdiak ilustratzeko: landa garapena, hirikoa, industriala, bizimoduak, paisaia, pertsonaiak, gatazkak...
Material horien azterketa espezifikoa modu sistematiko eta zorrotzean egin behar denez, eta material horiek behar bezala kontserbatuko direla eta gero zabalduko direla bermatu behar denez, beharrezkoa da beste zentro eta profesionalen esperientzia ezagutzea besteak beste, gai hauen inguruan: kontserbazioa, berrikuntza, digitalizazioa, dokumentazioa, biltegia, irisgarritasuna, zabalkundea edo argazki funtsak.
Horrela, bildumen azterketa, kontserbazioa eta zabalkundea egoki bideratzea da helburua eta, aldi berean, informazio eta prestakuntza hori eskura jartzea argazki-ondarea ere zabaltzen duten erakunde eta pertsonei, etorkizuneko lankidetzak erraztuko dituzten profesionalen sarea osatuz.