Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia
Yosuke Yamashita Jazzaldia © Akihiko Sonoda

1942an Tokion jaioa, Yamashita oso famatua da Japonian. Nazioarteko agertoki nagusietan aritua da eta sarritan parte hartu ohi du jaialdi ospetsuenetan. Batez ere, Jazzaren arloan dihardu lanean, baina kolaborazio gailenak ere egin ditu beste musika-genero batzuetan, orkestra klasikotik Japoniako eta nazioarteko musika folkloriko tradizionaleraino. Kritikariek asko miresten dute Yamashitaren estilo txundigarria, sarritan Cecil Taylorrenarekin alderatu ohi dena.

Yamashitak 1959an jo zuen lehen aldiz pianoa profesional gisa, 17 urte zituenean; 1962 eta 1967 urte bitartean Kunitachi College of Musicen jaso zuen prestakuntza, eta konposizio klasikoa ikasi zuen. Yamashitak 1963an argitaratu zuen bere aurreneko grabazioa, Japonian abangoardiaren eta free Jazzaren aitzindarietako bat izatera eraman zuena. 1969an Yosuke Yamashita Trio eratu zuen, eta taldearekin bira bat egin zuen Europan zehar. 1980ko hamarkadan, Yamashitak New York Trio eratu zuen Cecil McBee baxuarekin eta Pheeroan akLaff bateriarekin.

Bere ibilbidean zehar, pianista eta konpositore japoniarra irakaslea izan da, inprobisazioari buruzko lanak argitaratu ditu, big bandak zuzendu ditu, orkestra handiekin jo du —Tokyo Philharmonic Orchestra eta Vietnam National Symphony Orchestra besteak beste—, musikari gailenekin lan egin du —Ornette Coleman eta Cecil Taylor haien artean—, soinu-bandak egin ditu filmetarako, bitan parte hartu du performance artistiko ikusgarri batean —pianoa jotzen ari dela sugarrek hartzen dute instrumentua—, Japoniako gobernuak Ohorezko Domina eman dio arteei egin dien ekarpenagatik...

Yamashita, zalantzarik gabe, Japoniako Jazzaren historian diren musikari garrantzitsuenetako bat da eta, urteetan zehar, ekarpen handiena egin dutenetako bat Japonia munduko herrialde jazziztikoenetako bat izaten.

Yosuke Yamashitak bi kontzertu emango ditu San Telmo Museoko klaustroan:

-Uztailak 21: QUIET MEMORIES. 2020an Japonian bakarrik argitaratutako piano soloko azken albumaren titulua. Jazz pieza originalak eta estandarrak biltzen dituen CD bat.

-Uztailak 22: CLASSICAL MOMENTUM. Kontzertu honetan pieza klasiko ezagunen inprobisazioak egingo ditu, esaterako hauenak: Rhapsody in Blue, Gershwinena, eta Bolero, Ravelena.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...