Web mapa
Hizkuntzak
Musika Musika Jazzaldia

Iragandako ekitaldia

Kursaal

20 €

Rocío Márquez & BRONQUIO Jazzaldia

Rocío Márquez (ahotsak, soinu-atalak), Bronquio (programazioa, sintetizadorea)

58 Jazzaldian emango duten kontzertuan, Rocío Márquezek eta Bronquiok beren azken lana aurkeztuko digute: Tercer Cielo (2022). Disko transgresore honek kritikaren goraipamenak jaso ditu, azken urteotako onenetako bat da askorentzat; album bikain bat, ziurrenik —denborak esango du— flamenkoak dituen garrantzitsuenen artean kokatuko dena, bere historia eta bere eboluzioa markatu dituenetako bat: maisu lan bat, azken batean.

Tercer Cielo (2022) bidaia bat da, ezagutzen den eremutik esploratu ez den eremura, tradiziotik abangoardiara, eta oso bestelako estilo eta ibilbideetatik sortua: BRONQUIOren musika urbano eta elektronikoa, eta Márquezen flamenkoa eta cantea. Flamenko disko honek, flamenko kantariaren ahotsa du protagonista, baina, aldi berean, disko elektroniko bat ere bada. Márquezen ahotsa batzuetan garbi entzuten da eta beste batzuetan distortsionatua edo BRONQUIOk filtratua. Gainera, BRONQUIOk eremu ezezagun batean murgiltzen gaitu, soinu, erritmo eta giro bereziak sortuz.

Aurreko guztiari, eta ez da gutxi, besteak beste San Agustini, Federico García Lorcari eta Miguel de Unamunori aipamen egiten dieten letrak gaineratu behar zaizkio, Rocío Márquezek berak eta Carmen Camacho, Macky Chuca, Luis García Montero eta Antonio Manuelek idatziak.

Labur esanda, disko konplexu bat, ñabardurez, testurez, sorpresez eta giroez, poesiaz, artez, sentimenduz eta kontrasteez betea: fina eta irmoa, zaharra eta modernoa, sotila eta latza, esperimentala eta irisgarria, sinplea eta aldrebesa, flamenkoa eta elektronikoa, trinkoa eta arina, tradizionala eta abangoardista, iragana eta geroa...

Rocío Márquez flamenko kantari bikain bat da, baina definizio hori motz geratzen da artista hau zein den ulertzeko. Horrez gain, flamenkoaren jakitun, generoan aditu, irakasle eta hizlaria ere bada. Eta flamenkoaren tradizioaren ezagutza eta maitasun horri gehitu egin behar zaizkio bere nortasun geldiezina eta bere jakin-mina, bere inkonformismoa, mugak zabaltzeko, mugak zeharkatzeko, esperimentatzeko eta esploratzeko duen premia. Horrek guztiak, kantuan erakusten duen moldakortasunarekin, bere talentu artistikoarekin eta bere ahots zoragarriarekin batera, gehiago hurbiltzen gaitu Rocío Márquez zein den ulertzera. Argi dago zergatik bilakatu den gaur egungo flamenkoaren erreferente nagusienetako bat.

Huelvako abeslariak sari eta aintzatespen ugari jaso ditu, besteren artean nabarmentzekoak, lehena, 2008an, La Unióneko Festibalean Lámpara Minera saria jaso zuenean, eta azkena, 2020an, Les Victoires du Jazz saria Munduko Musiken Album Onenari, artista espainiar bati aurreneko aldiz emana.

Bere ibilbidean zehar Rocío Márquezek ezin konta ahala eszenatoki txiki eta peña flamenkotan abestu du; baita antzoki eta auditorio handietan ere, Madrilgo Teatro Realean, Bartzelonako Palau de la Músican eta Parisko Olympian, besteak beste; eta are gehiago, indie eta pop-rock musika jaialdi handietan, esaterako Primavera Sounden eta Monkey Weeken.

Márquezek hainbat artistarekin kolaboratu du, haien artean: Jorge Drexler, Kiko Veneno, Raül Refree, Dani de Morón, Niño de Elche, Diego Carrasco, Marinah, Christina Rosenvinge, Albert Plá eta BRONQUIO bera.

Santiago Gonzalo, BRONQUIO izenez ezagun, musikaria eta ekoizlea da. Hardcore eta punk rock munduan eman zituen aurreneko pausoak, musika elektronikoan murgildu baino lehenago. Musikari gisa 3 EPrekin besterik gabe, eta zenbait artistarekin —Kiko Veneno, Natalia Lacunza eta Anaju esaterako— egindako ekoizle lanarekin, gailenetakoen artean kokatu da Espainiako eszena elektronikoan.

Zuretzat interesgarriak izan daitezkeen beste ekitaldi batzuk...